Jauregi Jatetxea alokatzeko lehiaketa publikoan parte hartzeko azken eguna da gaur

Andrea Zipitria 2024ko mai. 2a, 10:06

Eskaintza hobetuta, bigarren aldiz atera dute lehiaketa publikora jatetxea alokatzeko lizitazioa. Bada, gaur izango da izena emateko azken eguna. Alokairuaren prezioa hileko 350 eurotik 250 eurora jaitsi dute (BEZ kanpo). Zerbitzuaren baldintzak ere malgutu dituzte. Bost egunetik lau egunetara jaitsi dute irekitze egun kopurua.

Aiako Udalak Gozategi Enparantzaren 9. zenbakian dagoen Jauregi taberna-jatetxea alokatzeko lehiaketa publikoa jarri zuen martxan urtarrilaren 30ean, baina inor aurkeztu ezean, berriz atera dute lehiaketara jatetxea alokatzeko lizitazioa. Bada interesa duten herritarrek, gaur izango dute izena emateko azken aukera.

Bigarren aukera honetan, eskaintza hobetu egin dute. Alokairuaren prezioa jaitsi egin dute; hileko, 350 eurokotik, 250 eurotara jaitsi dute (BEZ kanpo). Kontratuaren luzapena gauzatuz gero, berriz, bigarren urtetik aurrera prezioari Euskal Autonomi Erkidegoko KPI-a gehituko zaio. Hortik aurrera, prezioa Euskal Autonomi Erkidegoko KPI-a gehituz joango da urtez urte. Zerbitzuaren baldintzak ere malgutu egin dituzte. Lehen gutxienez astean bost egunetan ireki behar zen jatetxea, orain, berriz, lau egunetara jaitsi dituzte irekitze egunak.

Ustiaketa baldintzen inguruko xehetasun guztiak Aiako Udalaren webgunean daude eskuragarri, ondorengo estekan.