Bakarra (II)

'Eraikuntzarako materiala' liburuaren azala.

Apirileko KARKARA aldizkariko Nire honetan atalean idatziko artikulua da hau.

Gure aitari buruzko iritzia inprentara iritsi aurretik damutu nintzen idatzitakoaz. Zer behar neukan berataz idazteko? Halako burutazioekin egin nuen KARKARAko bulegotik liburutegirako bidea. Uxue Apaolazaren liburua eraman nahi nuen etxera, baina azkenean Eider Rodriguezen eleberria aukeratu nuen: Eraikuntzarako materiala.

Zer diren gauzak; nik 1.000 karaktere eskaini aita zenari, eta Rodriguezek 256 orri bereari. Bere ohiko malaostiarekin idatzi arren, samurra iruditu zitzaidan istorioa, eta bi alabon sentimenduak, antzekoak. Rodriguezenak ez bezala, gure aitak ez zuen alkoholarekin arazorik izan, baina ez zen, inondik ere, aingerua, hura ere. Askotan amorrarazi gintuen, askotan desesperatu, baina zein gurasok ez dio halakorik sentiarazi bere seme-alabei?

Gogoan dut ahizparen etxean afaritan ginela esan niola, emozioari eutsi ezinik, haurdun nengoela. "Bazen garaia, itxaroten nengoen!", erantzun zidan. 33 urte nituen nik; berak 50ekin izan zuen aurreneko alaba (hau da, ni). Baina bere erreakzioa itxura hutsa izan zen. Badakit Azkoitia erdiari erakutsi ziola biloben argazkia, esanez zeinen begi urdin politak dituzten biek –gure aitak ere hala zituen–, beste inork umeei begi urdinik ikusten ez dizkiegun arren