Larunbat honetatik aurrera Zaraguetaren kanpoko azpiegiturak erabiltzeko aukera izango da

Andrea Zipitria 2023ko mar. 9a, 09:54

Asteburu eta jaiegunetan irekiko dute eremua, 10:00etatik 20:00etara. Zentzu honetan, espazioa arduraz erabiltzeko deia egin du udalak.

Larunbat honetatik aurrera, Zaragueta Herri Eskolako patioa zabalik egongo da berriro ere asteburu eta jaiegunetan. 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita, eta sarrera berriko oinezkoentzako atea erabili beharko da.

Udaletik adierazi dutenez, eskolako atea asteburuetan eta jaiegunetan zabaltzea erabaki zuten 2021ean, jolaserako eremua eta frontoia herritar guztien eskura jartzeko. Dena den, iazko udatik, itxita egon da espazioa, frontoia berritzeko lanak, eta eskolako sarrera berria egokitu direlako.

Espazioa arduraz erabiltzeko deia egin die udalak herritarrei, eta alde egiterakoan, dena txukun uzteko.