Egun osoko festak biribilduko ditu larunbateko Orioko Nazioarteko Estropadak

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2024ko api. 18a, 16:49

Aulki mugikorreko hitzordua larunbatean 16:30ean hasiko da, eta hamar talde lehiatuko dira, bosna emakumezkoetan eta gizonezkoetan, baina goizetik gauera izango da zertaz gozatua. Bi arraunlari omentzeko ere aprobetxatuko dute larunbateko hitzordua.

Larunbat arratsaldean jokatuko dituzte Arraunketa Olinpikoko Nazioarteko XIX. Estropadak Orion, eta gaur eguerdian aurkeztu dute kirol norgehiagoka babesle nagusiaren egoitzan –ZIPR enpresa–, Aiako Santio auzoan.  Orio Arraunketa Elkartea (OAE) jakitun da inguru hauetan tostako arraunak duela garrantzia gehiago arraun mugikorrarekin alderatuta, baina Ander Atorrasagasti OAEko zuzendaritzako kideak eta Anuska Esnal Orioko alkateak azken modalitate hori jarri nahi izan dute balioan beren hitzartzeetan: "Orio beti saitu izan da aulki mugikorreko probak sustatzen, eta aurten ere horixe dute helburu nazioarteko estropada hauek", esan du OAEko ordezkariak. 

Babesleei eta boluntarioei eskerrak eman zizkien Atorrasagastik, bereziki klubeko Leandro Salvañori, "berak lortu duelako kanpoko klubekin harremanetan jartzea". Guztira hamar ontzi lehiatuko dira –bosna emakumezkoetan eta gizonezkoetan– eta gehienak kanpotik datozela nabarmendu zuen. Gizonezkoetan Sporting Club Caminhense, Club Nautico Sevilla, Emulation Nautique Bordeaux, Hondarribia Arraun Elkartea eta Orion Arraunketa Elkartea lehiatuko dira, eta emakumezkoetan, berriz, Club Fluvial Portuense, Club Nautico Sevilla, Emulation Nautique Bordeaux, Club Nautico Amposta eta Ur Kirolak Arraun Elkartea.

Orioko emakumezkoak ez dira lehiatuko aurten, "traineru denboraldia prestatzen buru-belarri ari direlako eta nahikoa arraunlari ez dutelako bietan aritzeko". 

Eguneko hitzordu garrantzitsuena arraunarena izango den arren, klubak festa giroarekin borobildu nahi izan du eguna, eta hainbat eragilerekin elkarlanean, egun osoko egitaraua prestatu du. Omenaldia ere izango da iluntze partean, OAEk aitortza egin nahi baitie Javier Puertasi eta Dionisio Redondori, "aulki mugikorrari eman dioten guztiagatik". 

Egitaraua

  • 10:00-14:00. Ate irekiak Mutiozabal ontziolan.
  • 12:00. Arkuperen Erruleta Solidarioa eta berdel pintxoak eta garagardoa aukeran, plazan.
  • 16:30. Nazioarteko XIX. Estropadak, errioan.
  • 18:30. Jainekin txaranga herrian zehar.
  • 19:30. Ontzien aurkezpena, sari banaketa eta Javier Puertasi eta Dionisio Redondori omenaldia, plazan. Hanburgesak eta garagardoa egongo dira.
  • 21:00-01:00. DJ Bon, plazan. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!