Galiziatik bi garaipenekin itzuli da OBB taldea

Onintza Lete Arrieta 2024ko mai. 2a, 12:07

OBBkoak borroka betean. (OBB)

Cambre taldearen aurka aritu dira asteburuan, Espainiako ligako zortzigarren jardunaldian, eta sailkapenean bigarren dira; asteburuan ez dute partidarik izango, atsedena tokatzen zaielako.

Bi garaipen eskuratu ditu asteburuan Galizian Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldeak. Coruñako Cambre taldearen aurka jokatu ditu norgehiagokak, eta biak irabazi dituzte oriotarrek. Hala, sailkapenean bigarren postuan daude, eta asteburuan ez dute lehiarik izango, atsedena baitute. Hurrengo partidak maiatzaren 11-12 asteburuan izango dute, CBS Viladecans taldearen aurka, haien etxean.

Galiziako lehen topaketan, oriotarrek "azkar erakutsi zuten indarra", eta hamaika karrera egin zituzten lehen sarreran. "Maialen Pisonek ireki zuen markagailua, doble bat eginez eta Carla Novellaren hit batekin bultzatuta. Hurrengo lau karrerak Énora Simonen doblearen esker eta Uxua Zorozaren hit-ari esker izan ziren", azaldu dute taldekoek. "Hurrengo sarreretan, bi defentsak bikain aritu ziren, eta markagailua geldirik egon zen. Hirugarren sarreran, Coruñako jokalariak bi base eman zituen, eta Enora Simonek karreretan bihurtu zituen pelota left aldera eramanez eta partida behar baino lehenago amaitu zen laugarren sarreran".

OBBkoek azaldu dute bigarren partida aurrekoaren "oso antzera hasi" zela, oriotarrek lehen sarreran sei karrera lortu baitzuten, "guztira zazpi hits lortuta". Markagailua laugarren sarrera arte mantendu zen; "Coruñakoek euskal defentsaren akats bat aprobetxatu eta euren lehen karrera bakarra lortu zuten". Hurrengo txandan oriotarrek lanari ekin zioten, eta partida bosgarren sarreran bukatu zuten, bi karrera gehiago lortuz.

Enora Simon jokalariaren lana azpimarratu du sofbol taldeak, bigarren partidan "zazpi jokalari strikeout bidez kanporatu baitzituen, baita lau hits konektatu eta sei karrera bultzatu ere".