Eskualdeko errepideak hobetzeko foru laguntza jasoko dute udalerri txikiek

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 6a, 11:26

Andoni Zuriarrain, Maria Ubarretxena eta Jon Ander Azpiroz.

Gipuzkoako udalerri txikiei errepideak hobetzeko finantziazio gehiago bideratu eta inbertsio orokorra handituko duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak.

Lurraldeko udalerri txikiei errepideak hobetzeko finantziazio gehiago bideratu eta inbertsio orokorra handituko duela iragarri zuen joan den astean Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako departamentuak.

Aipatutako laguntzen zati bat aurreratua du dagoeneko erakundeak, beste proiektu batzuk martxan jartzear daude, eta batzuetan zein besteetan daude eskualdeko errepideak.

Beizaman, datorren urtean

Udalen titulartasunekoak diren errepideetan hobekuntzak egiteko 200.000 euroko diru poltsa jarri du aldundiak hirugarren urtez jarraian.

Diru lerro horrek lagunduta, besteak beste, Aizarnazabalgo GI-3031 errepideko espaloien hobekuntza lanak egin dituzte. Aiako Udalak, berriz, bide segurtasuneko hainbat jarduketa eta bi errepidetako zorua birgaitzeko lanak gauzatu ditu laguntza horiei esker. Jon Ander Azpiroz alkateak datozen urteetan ere deialdiari eusteko eskatu dio foru erakundeari, "aldundiaren ahalegin txiki batekin, udalerrietan hobekuntza handiak gauzatu daitezkeelako"; Azpiroz eta Berastegiko alkate Andoni Zuriarrain Maria Ubarretxena diputatuarekin batera egon ziren joan den asteko aurkezpenean, laguntzak jaso dituzten udalak ordezkatuz.

Laguntza lerro horrekin egindako eta egingo diren hobekuntza lanez gain, landa eremuko errepideak hobetzeko bestelako proiektuak ere baditu esku artean aldundiak 2024rako. Bergara eta Elosua arteko bidea hobetzeko lanak martxan dira dagoeneko, eta hasteko datarik gabe, baina proiektua eginda dute GI-3720 errepidean Nuarbetik Beizaramako errepidean egingo dituzten lanetarako. Hain zuzen ere, "oso arriskutsuak eta ikuspen urrikoak" diren bost bihurgune zabaltzea edota egokitzea izango da lan horien helburu nagusia, Pedro Otaegi Beizamako alkateak aurreratu duenez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!