UKUEk jasangarritasuna sustatzeko postua jarriko du Landare Berezien Azokan

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 28a, 10:15

Ekitaldi jasangarriak sustatzeko UKUEren kanpaina.

11:30etik 14:30era jarriko dute informazio puntua, Iturrarango lorategi botanikoan.

Ekitaldi jasangarriak sustatzeko kanpainaren barruan, Urola Kostako Udal Elkartea informazio puntuak jarriko ditu bihar Aian eta Zarautzen; aurrez Orioko sanikolasetako herri bazkarian eta Zumaiako Olarru Egunean izan ziren. Zarautzen, XIX. Pagoetako Mendi Lasterketa baliatuz, irteera-helmuga tokian (Klabelinsoro kalea) ezarriko dute postua 08:00etatik 11:00etara. Bigarren informazio puntua, berriz, Aiako Landare Berezien XX. Azokan jarriko dute; 11:30etik 14:30era, Iturrarango lorategi botanikoan.

Ekitaldia jasangarriagoak izan daitezen hezitzaileek egin daitezkeen hobekuntza posibleak identifikatuko dituzte bi egitasmoetan. Horrez gain, birziklatzeari buruzko zalantzak argituko dituzte, eta behin lasterketa amaituta, parte hartzaileei hondakinak non bota behar dituzten adieraziko diete. Halaber, bertaratzen direnei hondakinen inguruko galdetegi interaktiboa pasako diete,  hondakinei buruz duten ezagutza eta zalantzak identifikatzeko asmoz.

Ekintza horien bidez, eskualdeko udalerrietan antolatutako ekitaldien jasangarritasun maila ikertuko dute, besteak beste: material berrerabilgarrien erabilera, ur-eta energia-kontsumoa eta hondakinen sorkuntza. Parte hartzaileak ere sentsibilizatuko dituzte hezitzaileek, ingurumenean eragin txikia duten jarduerak sustatuz, baita baliabideen nahiz hondakinen kudeaketa jasangarriarekin zerikusia duten zalantzak argituz ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!