Esportazio prozesu egoki baten gakoak hizketagai

Karkara 2014ko ira. 2a, 13:40

Nazioartekotzea ardatz izango dituen bi jardunaldi antolatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Lehendabizikoa irailaren 18an, non finantzaketa bideak eta diru-laguntzak azalduko diren; bigarrena, urriaren 2an eta Brasilera esportatzeko gakoak azalduko dira bertan

Eskualdeko enpresentzat bi jardunaldi antolatu dira Nazioartekotzeko Planaren barruan. Bata, hilaren 18an; bestea, urriaren 2an. Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Bazkundeak sustatutako ekimenak dirak biak.

Finantzaketa eta diru-laguntzak lankidetzarako eta nazioartekotzeko

Irailaren 18an ekonomia izango da hizketagai. Bi ordu eta erdiko saioan –9:00etatik 11:30tara– nazioartekotzearekin lotutako informazioa emango da. Esportazio prozesu bati hasiera emateko finantzaketa arloan kontuan izan behar diren alderdi garrantzitsuenak aztertuko dira, prozesu horri hasiera oker edo ahula emateak eragozpen ugari ekar diezaizkioke eta enpresa esportatzaileari.

Nazioartekotzean finantzaketa plangitza egokia egiteko gakoak emango ditu irailaren 18ko saioak, finantzaketa eta diru-laguntza lerroak zeintzuk diren azalduko da. Aholkuak eta jarraibideak ere emango dira, besteak beste.

Saioaren eduki eta gaiak

  • Saioaren eta parte hartzaileen aurkezpena.
  • Nazioartekotze eta lankidetza ekimenetarako dauden finantzaketa iturrien egoera.
  • Zeintzuk dira gaur egun dauden finantzaketa eta diru-laguntza lerro nagusiak?
  • Zirkulantea finantzatzeko enpresak dituen instrumentu publiko nahiz pribatuak.
  • Finantzaketa tresna alternatiboak, nazioartekotze eta lankidetza proiektuetarako: prestamo partizipatiboak, arrisku kapital publikoa, e.a...
  • Etorkizunari begira: fundraising arloan enpresak bultza ditzakeen lerroak eta garatu beharreko gaitasunak?
  • Finantzatzaileen aurrean, nola egin proposamen arrakastatsuak.
  • Eskaera eta galderak.

Iñigo Aristi izango da saioaren gidaritza emango duena. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomi Zientzietan lizentziatua da Aristi, eta unibertsitate berean, Finantza Masterra burutu du. Enpresa Zuzendaritzako doktoretza egiten ari da egun, Nazioartekotze eta Berrikuntza arloan.

Aukerak eta trabak Brasilen

Industrial sektoreko enpresei zuzendutako saioa urriaren 2an egingo da, 9:00etatik 11:30tara. Alex Garate izango da hizlaria; informazio zientzietan lizentziatua EHUn, marketing diplomatua ESMA Bilbaon eta Madrileko Unibertstiate Politeknikoan Kanpo Merkataritza postgradua egiten ari da.

Kanpora begira duen formakuntza medio, kanpora begira jarriko da jardunaldi honetan. Nazioartekotzearekin lotuta, Brasil izango da ardatz, eta bertara esportatzeko prozesu bati hasiera emateko kontuan izan behar diren arlo garrantzitsuenak azalduko ditu.

Saioan industria sektoreko enpresa batek bere produktuak Brasilera esportatzeko landu eta ezagutu behar dituen hainbat gai jorratuko dira. Helburua da Brasilek dituen berezitasunak eta industria sektorean eskaintzen dituen negozio aukerak ezagutzea, esportazio prozesua arrakastatsua izateko.

Saioaren eduki eta gaiak

  • Sarrera: Brasil inbertsio helburu gisa.
  • Brasileko kanpo merkataritzaren ezaugarri nagusiak: Flujo komertzialak –inportazioak, esportazioak– eta bazkide komertzial nagusiak.
  • Sistema juridiko, fiskal eta finantzarioaren ezaugarri nagusiak.
  • Azpiegituren egoera eta kontuan hartu beharreko aspektu logistikoak.
  • Merkatu brasildarraren azterketa: aukerak eta mehatxuak.
  • Brasilen ezartzeko moduak: zeintzuk dira aukera egokienak?
  • Brasilen nazioartekotzeko laguntza planak: eragile publikoak eta laguntza lerro nagusiak.
  • Interesekoa den informazio praktikoa: Feria eta elkarte nagusiak; Bertan dauden sektoreko euskal enpresak.
  • Kasu praktikoak: akats zein arrakastez ikasteko.
  • Eskaera eta galderak.

Hitzorduak Urola Kostako Udal Elkartean egingo dira, Urdaneta bideko seigarrenean, Abedaño Industrialdean, Zarautzen. Informazioa eskuratzeko edo izena emateko Urola Kostako Udal Elkarteko telefonora deitu –943 89 08 08– edo enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!