Urko Aristi: "Egutera eta laiotza"

Goiena.net 2014ko urr. 24a, 10:20
Argazkia: Barretartia

Mendiak beti ditu bi aurpegi: egutera eta laiotza. Eguterarik gabe ez dago laiotzik, eta laiotzik ezean, eguterarik ez. Eguzkiak berak argia ez ezik, itzala ere sortzen duelako. Eta optimistak eguzki izpien pean dagoenari begiratuko dio; pesimistak, aldiz, ilunari.

Eusko Jaurlaritzak hedabideentzako laguntzen kopurua jakitera ematearekin batera hasi da ekaitza. Zenbait komunikabidek, Berriak batez ere, beherakada itzela izan dute. Eta hori pena da. Gureetako batzuk ere bai. Jakin badakigu tokikook zertaz ari garen. Urteetan ikusi izan dugu guk gerorrek ere jasotako kopuruak nola egin duen maldan behera... Eta gorako bidean, erori, trabatu, eta hasierako puntura itzultzea beti da etsigarri.
Ospakizunerako prestatuta genuen hamaiketako gozoa mikaztu egin zaigu neurri batean, albokoekin batera egin nahi dugulako tontorrerako bidea. Egia da tokikoon zakua nabarmen handitu dela. Baina ez da propina. Ez da saria. Onarpena da. Horrela ulertu dugu guk behintzat. Kalitatea hartzen zuen kontutan Jaurlaritzak lehen; orain, berriz, irismena. Gu sinistuta gaude egiten dugunak baduela kalitatea, eta jakin badakigu egiten duguna iristen dela, euskaldunengana ez ezik, baita ez-euskaldunengana ere. Hori da gure indarguneetako bat.


Joko arauak zein diren jakitea premiazkoa da, bidea, bidezidorrak eta denak ezagutzeko. Eta irizpideen gainean eztabaidatu beharra daukagu, bai sektore barruan, bai Jaurlaritzarekin, jakina! Mokadutxo baten inguruan behar badu, lagun giroan behar du. Garai batean ez bezala, borondatea antzematen diegu, batzuei eta besteei. Esango nuke Tokikom bera eta Hekimenen aterpetxea sortu genuenetik, mendi horretan badela hamaiketakorako bilgune egokia, eta, dagoeneko, hitz egin, egin dugula. Baina argi dago, eta orain argiago, gehiago egin behar dugula. Gure bailara inguratzen duten mendiez, eta Everestetaz. Denen berri izan nahi dugulako. Guztiak ditugu beharrezko, horrela baino ez dugulako osatuko atlas oso eta trinko bat.


Mendian gorako bideak nahiko neke sortzen du bestela ere, sokatiran gehiago nekatzeko. Zeinek zenbat baino, batera eta bestera baino, motxila partekatu, eta denak norabide berean. Lehendik ere larri gabiltza guztiok. Itotzekotan. Hauspoa behar dugu, horregatik. Arnasa hartzeko. Guri, nolabaiteko arnasgunea heldu zaigu egunotan. Eta aldapan gora jarraitzeko indarra hartu dugu. Eta horretan segituko dugu, guztiekin, elkarrekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!