Kostako errepidea itxita dago Zumaia eta Zarautz artean

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 23a, 16:00
Olatuak kostako errepidean.

Astebururako iragarpenek bost metro inguruko olatuak aurreikusten dituzte, eta arriskuak ekiditeko N-634 errepidea ixteko erabakia hartu du aldundiak.

Asteburuan gainean izango den denboralea dela eta, alerta laranja ezarri dute itsasaldeko arriskuagatik. Horren jakitun, Gipuzkoako Foru Aldundiak N-634 errepidea itxiko du asteburuan, Zumaia eta Zarautz arteko tartean. Bost metro inguruko olatuak egongo direla iragarri dute, eta gerta daitezkeen arrisku egoerak ekiditeko karretera itxi egin dute jada, nahiz eta larunbat goizaldeko 03:00etatik aurrera ixtea aurreikusten zuen hasiera batean erakundeak. Denboraleak iraun bitartean itxita mantenduko dute errepidea.

Errepidea itxita dagoen bitartean, ordezko ibilbide gisa AP-8 autobidea erabiltzea aholkatzen dute Zumaiatik Zarautzerako joan-etorrietarako. Getaria eta Zarautz artean, berriz, Meaga bidezko errepideak erabili beharko dituzte auto gidariek.

Otsailaren hasieran izan zen Karlotta denboraleak ere gogor astindu zuen kostako errepidea eta kalteak eragin zituen Getaria eta Zarautz arteko zatian. Horren ondorioz, erreietako bat itxita dago eta trafikoa semaforo bidez erregulatuta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!