20 gazte Debatik Oriora
Txurrumuskik antolatuta, txango berezia egin zuten maiatzaren 1etik 3ra
Maiatzeko zubian Debatik Oriorainoko bidea egin zuten herriko zenbait gaztek Txurrumuski taldearen laguntzaz. Hilaren 1ean, goizeko zazpiak aldera, 20 gazte eta 4 begirale irten ziren autobusez Debarantz. Haiekin batera, bi kotxe ere abiatu ziren: janaria eta tresneria eramateko bat eta motxila handiak garraiatzeko bestea.
Oinez hasi eta sei ordutara iritsi ziren Zumaiara, 14:00etan. Bigarren etapa, berriz, lau ordutan egin zuten, 14:30erako Zarautzen baitziren. Hirugarren eta azken egunari dagokionez, eguerdirako Orioko plazan ziren guztiak, Aterpek prestatutako paella jateko listo.
Antolatzaileen arabera, mendi ibilaldiak egiteaz gain, elkarbizitza lantzeko balio izan die txango berezi honek. Izan ere hiru egunetan egin dituzten askari guztiak berek prestatuak izan ziren eta garbiketan ere denek egin behar izan zuten lan. Horrez gain, jolasetarako eta erlaxatzeko astia ere izan zuten. Lo, berriz, Zumaiako eta Zarautzko parrokiak utzitako lokaletan egin zuten.






Aupa gu!