Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Ez dut egiten dudana estilo jakin batean kokatzen"
Dokumentu Akzioak

“Ez dut egiten dudana estilo jakin batean kokatzen"

2008/01/10

Unai Illarramendi "DJ Illarras"

Unai Illarramendik gustuko du biniloekin nahasketak egitea. Kosta tailerrean izan gara eta bertatik bertara ikusi ahal izan dugu zer egiteko gai den.

Oso ondo moldatzen zarela entzun dugu, baina ez omen daramazu denbora asko.
Urtebete egingo du hasi nintzela, iazko urtarrilean edo, Manex Barrenetxearekin erdibana plato parea erosi nuenean. Hura eta Azpeitiako lagun batek utzi zizkidan 20 biniloak izan ziren lehen ekipoa.
Hasieran zaila egin zitzaidan, probak egiten hasi eta Hau nahasterik ba al zegok? galdetzen nion nire buruari. Baina pixkanaka… ttak!
Orduak sartu eta probak egin ahala, jolastuz, abildadea hartzen joan nintzen. Nire ustez zerbait ikasi dut, harrezkero.

Lehen ekipoa diozu, beste bat ekarri al duzu ba?
Haiekin moldatu nintzenean orain ditudanak erosi nituen. Gogorragoak dira eta prezisio handiagoa ere badute nahasterako orduan; alde handia dago. Kontua da, bai Txitxarron edota Pagoan horrelakoak dituztela eta, ikuskizuna haiekin egin behar dudanez, ba hobea zela neronen ekipo propioa ere berdina izatea, ohitzeko eta zuzenekoetan desberdintasunik ez sumatzeko.

Garestiak al dira?
Sekulako potentzia du nahasketa mahaiak, ordaindu ere hala egin nuen… 1.300 euro. Plato bakoitza, berriz, 525 euro kosta zitzaidan. Eta, azkenik, orratz bakoitzak 37 euro balio du. Baina merezi izan du erosteak.
Esan digutenez, Txitxarron aritu zinen lehen aldian sekulako festa giroa sortu zenuen. Gainontzean, zuzeneko saio asko egin dituzu?
Txitxarron festa polita sortu zen, bai. Chill Out izeneko aretoan aritu nintzen ostiral batean, udako gau batean Kalakarin, Zarauzko Morgan tabernan abenduaren 22an, Skamnerren abenduaren 23an, Oiartzungo Pagoan Urtezahar gauean…
Pagoan aritu izan naiz lehenago ere, arratsalde batzuetan, egun berezietan, lagunen baten urtebetetzeagatik-edo, hango aretoa alokatu izan dugunetan.

Gustuko DJrik edo erreferentziarik baduzu?
Erreferentziak… Errenteriako Juantxi aipatuko nuke, harekin ikasi baitut. Pagoan pintxatzen zuen eta orain gutxi Txitxarron hasi da tipoa, nahiz eta, tarteka, Pagoan ere aritzen den.

Askotan deitzen dizute lokaletan eta pintxatzeko?
Lasarteko taberna batean aritzeko deitzen dit tarteka Juantxik, Pagoakoek ere esan izan didate, Morganekoek deitu eta lasai azaltzeko, Oiartzungo taberna batetik datozen inauterietarako… askorik ez, baina zerbait bai.

Estilo jakin bat edo lantzen duzu?
Elektroa, elektro minimala, techno piska bat… Baina ez da erraza definitzen. Horregatik ez dut egiten dudana estilo jakin batean kokatzen. Disko bat gustatzen bazait erosi eta erabili egiten dut, besterik gabe.
Gainera, ikasten ari naiz eta, oraindik, goizegi da esateko zer egiten dudan eta zer ez.

Bukatzeko, nola antolatzen duzu saio bakoitza?
Ez dut ezer aldez aurretik prestatuta eramaten. Akaso, hasierako bizpahiru kantak. Lasai antzera hasten naiz gero erritmoa gogortzen hasteko. Baina, gainontzean, batere ez. Dagoen jendearen edo giroaren arabera, hau edo bestea jarriko dut.
Momentuan ateratzen zaidana egiten dut, hartu eta jarri, besterik gabe.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

“Ez dut egiten dudana estilo jakin batean kokatzen"

Kosta tailerrean du entsegu lokala DJ Illarrasek