Hemen zaude: Hasiera Albisteak “Nire azkeneko abentura bezala hartu dut itzulera hau”
Dokumentu Akzioak

“Nire azkeneko abentura bezala hartu dut itzulera hau”

2008/06/20

Ernesto Antonio La Veneciana, Tito bezala ezagunagoa da gure artean.

Uda Orion pasatzeko asmoz etorri da Tito gurera. Lehenago ere izana da eta gogoz zegoen itzultzeko: hala egin du.

Ez da lehen aldia Oriora etortzen zarena, ezta?
Ez, duela bost urte izan nintzen aurrenekoz. Mar de Plata hirikoa naiz jaiotzez, Buenos Aireseko probintziakoa. 2002ko eta 2003ko udak eman nituen hemen, Txalupa jatetxean lanean. Etxera itzulita, hona bueltatzeko gogoa bai, baina hainbat arrazoi dela medio, orain arte ez dut aukerarik izan: aldaketa asko Argentinan, aita izan nintzen… 
Eta aurrenekoan, nola etorri zinen?
Arkaitz tabernako Natxoren txikitako laguna naiz eta berak etengabe esaten zidan hau ezagutu behar nuela. Horrela izan zen, baina ez dut inoiz hemen geratzeko asmorik izan, sustraiak eta familia Argentinan baititut. 
Oroitzapen onak gordeko zenituen bueltatzea erabaki duzunerako.
Bai, oso ondo hartu ninduten  eta ederki pasa nuen. Euskaldunak itxiak zaretela esaten da sarritan, baina nik ezin dezaket gauza bera esan. Argentinan ere horrelakoak gara. Datorrenari onena eskaintzen saiatzen gara eta, halere, hemen jaso dudana baino gutxiago izango da, seguru. Esker oneko hitzak besterik ez ditut Orion lagun egin ditudan guztientzat.
Bestela, Txalupako Xabi joan den azaroan bisitan etorri zitzaidanean hartu nuen erabakia. Bazegoen oraindik halako txinparta bat gugan eta, biak elkartuta, Oriora etortzeko sua piztu zitzaidan. Eta hemen nago bueltan, baina ez da hain erraza izan. Buruari buelta pare bat gehiago eman banizkio ez nintzatekeen ausartuko, haurra eta bikotekidea han uztea gogorra egin baitzait. Baina hirurok etortzea ere aldaketa handiegia litzateke. Hortaz, nire azken abentura moduan hartu dut itzulera hau.
Gustura?
Jakina, Orio ederra baita. Nortasun berezia du, gainera. Berrikuntzarik modernoenak eta duela 500 urteko elementuak batean biltzearen xarma du herri honek, izugarri gozatzen dut. Aste bete besterik ez daramat eta itsasoari begira nagoelarik, kosta egiten zait azkenean hemen nagoela sinestea. Halere, duen altxorrik handiena bertako jendea da, dudarik gabe.
Aldaketarik somatu duzu?
Herrian apenas, baina hondartza inguruan bai. Arazoa konparatzea da. Lehenago zegoena ezagutu izan ez banu, toki ederra dela esango nuke: kirol portua ederra da… baina aurrekoa ezagututa, bada, lehenago nola zegoen nahiago dut, ingurunea basatiagoa zen eta. Gutxien gustatu zaidana hotelaren diseinua izan da. Itsasontzi baten itxura omen du, baina lotura gutxi ikusten diot herriaren irudiarekin. Ez naiz nor iritzia emateko, baina inpresio hori eman dit.
Euskararekin ondo moldatzen zara?
Zertxobait ulertzen dut eta saiatzen naiz ikasten. Irakasle ona daukat aldamenean; Kaietana, Xabiren alaba. Nik ingelesa irakasten diot eta berak niri, trukean, euskara. Nahiago nuke azkarrago ikastea, baina zaila egiten zait. Ulertzen ez dudanetan edukaziorik onenarekin azaltzen diet ezin diedala jarraitu. Hori bai, dakidana euskaraz egiten diot bezeroari.
Argentinan, motozale elkarte bateko kide zarela esan digu txori batek…
Bai, Siniestros MC du izena. Webgunea ere badugu www.siniestrosmc.com.ar eta 16 hizkuntzatan dago, euskara tartean. Nire berri gehiago izan nahi duenak han aurkituko du.
Besterik gaineratu nahi?
Tira, eskertuta nagoela toki hoberik ez nuelako topatuko. Izango dira, akaso, baina gustura nago Orio ezagutzeko zortea izan dudalako.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea