68 ontzi izango dira Oriaren Traineru Jaitsieran
Orioko emakumezkoen traineruaren estreinako estropada izango da
Milatik gora arraunlari eta 68 ontzi (horietatik 7 Llagut Catalá dira eta gainerako guztiak traineruak) elkartuko dira larunbatean, otsailaren 27an, Oriaren XVI. Traineru Jaitsieran. Inoizko parte hartzerik handiena izango da aurtengo edizioan, hortaz. Orioko arraun elkarteari dagokionez, 5 traineruk eman dute izena eta horietako bat emakumeek osatuko dute. Estraineko estropada izango dute.
15:30ean aterako dira lehen ontziak, Llagutak, Sarikolatik.4.000 metro egin beharko dituzte Herrialde Katalaneko Mataró, Arenys de Mar, Flix, Betuló eta Badalonako arraunlariek, zubi pareko helmugara iritsi aurretik. 7 Llagutek hartuko dute parte (emakumezkoek osatutakoak 3), Matarók eta Flixek bina ontzi uretaratuko baitituzte. Bestalde, aurtengoan ez dira Llaüt Mediterraneo ontziak etorriko, Alakanten bertan beren Ligako jardunaldi berezia jokatzea erabaki baitute azkenean.
Distantzia bera egin beharko dute, baita ere, ondoren abiatuko diren jubenilez, beteranoz edo-eta emakumez osatutako traineruek. Oriokoa izango da jubenilen kategoriako ontzi bakarra, aurrena aterako dena. Atzetik, beteranoen txanda izango da –mixtoen eta gizonezkoen artean, guztira, 8 ontzi– eta emakumezkoen 4ak –Ibaialde, Bizkaia, Getaria-Tolosa eta Orio– gero.
Horien atzetiko guztiek 6.000 metroko ibilbidea egin beharko dute, Mapiletik herriraino. Lehen aldiz parte hartuko duten ontziak hasiko dira –11–, banan-banan. Jaitsiera honetara aurrenekoz etorriko den elkarte bat ere bada tartean: Nafarroakoa.
KAE Ligako ontzien txanda izango da ondoren. 2. multzoko 16 ontzi aterako dira aurrena eta haien atzetik 1. multzoko 11 (Orio B ontzia izango da hauen artean azkena abiatuko dena). TKE Ligako 10 traineruekin bukatuko da estropada eta horien artean, Oriokoa irtengo da azkena.
Uretaratzea
Arraun elkarteko lanak direla-eta, aurten herriko hainbat arranpla erabili beharko dituzte arraunlariek ontziak uretara botatzeko: Txurrukatik aterako dira Llagutak eta traineruak, aldiz, Orioko Arraun Elkarteko Ortzaikako pontoitik, kirol portuko arranplatik edo Zarauzko Arraun Elkarteko pontoitik.