Hemen zaude: Hasiera Albisteak Alkatearen eta liberatutako zinegotzien soldatak izoztu ditu Udalbatzarrak
Dokumentu Akzioak

Alkatearen eta liberatutako zinegotzien soldatak izoztu ditu Udalbatzarrak

2010/05/26

EAJren bi mozio alternatibo izan ziren onartu ez ziren gai bakarrak

Atzo, maiatzaren 25ean, Orioko Udaleko ohiko Udalbatzarra egin zen Udaletxean. 21 puntu ziren aztertzekoak eta ia bi ordu iraun zuen bilkurak. 5 kreditu aldeketa, Iñaki Iturainen hitzetan nolabait, 2010. urterako aurrekontuak direnak –tartean horrenbeste zeresan eman duen gaztetxerako 20.000 eurotako diru-partida–; alkatearen eta liberatutakoen soldaten izoztea; Udalak Usurbilgo Itunarekin bat egin izana; eta 2011ko herriko jai egun ekainaren 29a izendatzea izan ziren nabarmentzekoak. Gainera, onartu ez ziren bakarrak EAJren bi mozio alternatibo izan ziren.

Jarraian duzue atzoko bilkuran gertatutakoa puntuz puntu:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, Udalbatzarrak 2010eko martxoaren 24an egindako ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa. Aho batez onartu zen.

2.- Onartzea, egoki bada, Orioko Txanka-Hondartza errepidea zabaldu eta hobetzeko proiektuaren aldaketa, eragindako ondasun eta eskubideen zerrendarekin batera, eta alkateari ahalmena ematea jabeekin akordioak sinatzeko; proiektua Inforlur SL entitate merkantileko Jurgi Gallastegi Villa eta Mikel Amiano Munitxa ingeniariek idatzi dute. Aho batez onartu zen, beraz, Txanka-Hondartza errepideko bi errailak zabaltzeko eta oinezkoentzat egokitzeko proiektuak aurrera jarraitzen du eta alkateak ahalmena izango du kaltetutako lurjabeekin negoziatzeko.

3.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, Orioko Udal Planeamendurako Arau Subsidiarioetako 14. arearen —Dike— kontzertazio hitzarmena; hitzarmena Jose, Casilda eta Carmen Garate Tolosak eta Pedro Aiestaran Etxabek aurkeztu dute, Dike Berri, SL entitate merkantilaren izenean. Hitzarmena Alkate Dekretuz onartu zen eta, hilabetez jendaurrean alegaziorik jaso gabe egon ondoren, Udalbatzarrak aho batez behin betiko onarpena eman zion.

4.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, Orioko Kasko Historikoa Birgaitzeko Plan Bereziaren 3. Hirigintza Jarduketa garatzeko hitzarmen urbanistikoa; hitzarmena Lurra, Promoción y Gestión SL entitate merkantilak aurkeztu du Udalaren aurrean. Hitzarmen hau ere Alkate Dekretuz onartu zen eta, hilabetez jendaurrean alegaziorik jaso gabe egon ondoren, Udalbatzarrak aho batez behin betiko onarpena eman zion.

5.- Adjudikatzea, egoki bada, “Orioko Arau Subsidiarioetako 8. sektorean —Munto— kirol pistak egiteko proiektua” exekutatzeko obren kontratazioa, proiektu teknikoaren arabera, prozedura irekiz, presako tramitazioz eta lehiaketa bidez. Construcciones Otegi Gaztañaga S.L. izan da lehiaketan puntu gehien lortu duen enpresa, 100etik 95,24 puntu, eta adjudikazio prezioa 397.785,49 eurokoa da, BEZ barne.

PSE-EEren, EAren, EAJren eta Aralarren aldeko botoekin eta Ezker Batua-Berdeaken eta Ezker Abertzalearen abstentzioarekin, gehiengo absolutuz onartu zen gaia. Ezker Abertzaleko Joseba Goiburu zinegotziak, bere alderdiaren abstentzioa azaltzeko, egitekoak diren kirol pisten proiekturako Orioko Herri Ikastolak hainbat aldaketa onuragarri proposatu zituela argitu zuen. Jon Redondo alkateak erantzun zion, ahal den neurrian behintzat, proposatutako aldaketak egingo zituztela, beti ere, bulego teknikoak ontzat ematen baditu eta prezioa garestitzen ez bada. Hala ere, ekarritako aldaketa batzuk onartu daitezkeela uste du, ez baitira aldaketa handiak, gaineratu zuen.

6.- Adjudikatzea, egoki bada, Orioko udal planeamenduko arau subsidiarioetako 8. sektoreko —Munto— exekuzio-unitatearen birpartzelazio-proiektutik eratorritako PR/1 partzelaren partaidetza indibisoa (%21,1130) besterentzea, lehiaketa publiko bidez. Lehiaketa publikoa bideratu ondoren, enpresa bakarra aurkeztu zen, Desarrollo y edificaciones Mendibil S.L. izenekoa, eta lizitazio prezioa bere horretan manten du du, 1.190.000 euro, BEZ eta notaritzako eta erregistroko gastuak barnean sartu gabe, beraz, beregain doazenak. PSE-EEren, EAren, EAJren eta Aralarren aldeko botoekin, EB-Berdeaken kontrako botoarekin eta Ezker Abertzalearen abstentzioarekin, gehiengo absolutuz onartu zen puntua.

7.- Onartzea udal lurrak (3.232,80,m2 m2) doan lagatzea, jabari publiko itsas-lehortarrean sartzeko, honako helburuarekin: Ingurumen, Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak eman diezaion Orioko Udalari jabari publiko itsas-lehortarreko ondasunak okupatzeko baimena Orioko arrauneko eta piraguismoko teknifikazio-zentroa handitu eta zaharberritzeko proiekturako. PSE-EEk, EAk, EAJk, EB-Berdeakek eta Aralarrek baiezko botoa ema zuten eta Ezker Abertzalea, berriz, abstenitu egin zen. Beraz, gehiengo absolutuz onartu zen.

Ezker Abertzaleko Joseba Goiburuk abstentzioa justifikatu zuen: Honek erakusten digu zenbateko boterea dugun. Espainiatik etortzen zaizkigu eta esten digute: Lur hauek gureak dira eta guretzako, eta hau egin nahi baduzue ez daukazue beste erremediorik. Bihotzak baietz bozkatzea eskatzen digu eta buruak ezetz, horregatik gure abstentzioa.

8 eta 9.- Onartzea, egoki bada, Orioko Antilla hondartzako 2 eta 3 zenbakidun eraikinean baimendutako ostalaritza zerbitzuak ustiatzeko kontratu administratiboa desegitea eta, beraz, ustiapen-eskubideak lagatzeko udal baimena deuseztatzea. Bi puntuak berdinak dira, baina hondartzako taberna ezberdinei eragiten die. PSE-EEren, EAren, EAJren, eta Aralarren baiezko botoekin eta Ezker Abertzalearen eta EB-Berdeaken abstentzioekin, gehiengo absolutuz onartu zuten Udalak hondartzako 2 eta 3 zenbakidub tabernekin indarrean duen kontratua irailaren 13tik aurrera baliogabetzea.

10, 11, 12, 13 eta 14.- Lehen onarpena ematea, egoki bada, Udalaren 2010eko udal aurrekontu luzatuari dagokion 3/2010, 4/2010, 5/2010, 6/2010, kreditua aldatzeko espedienteari, kreditu gehigarrien modalitatean eta7/2010 kreditua aldatzeko espedienteari, kreditu transferentzien modalitatean.

3/2010, onartuta eta ordaintzeko daudenak: 234.995 euro. 7/2010 kreditua aldatzeko espedienteari, kreditu transferentzien modalitatean. PSE-EEren, EAren, EAJren eta Aralarren aldeko botoekin eta EB-Berdeaken eta Ezker Abertzalearen abstentzioarekin, gehiengo absolutuz onartu zen.

4/2010, entitate publikoko diru laguntza dutenak: 636.184 euro. PSE-EEren, EAren, EAJren eta Aralarren aldeko botoekin, EB-Berdeaken kontrako botoarekin eta Ezker Abertzalearen abstentzioarekin, gehiengo absolutuz onartu zen puntua.

5/2010, 1.475.215 euro: Aldeko 10 botorekin eta EB-Berdeaken kontrako batekin, kreditu aldaketa onartu zen. Ezker Abertzaleko Leire Zinkunegik hartu zuen hitza eta onuragarri ikusi zuela esan zuen: hainbat tirabira izan ondoren, lurren erosketaz gain, gehiengoak nahi genituen beste gauza asko lortu dira, besteak beste, gaztetxearentzako diru-partida, kanpinaren inguruko azterketa, bidegorriak… EAko Bixente Lasak ere zoriontzeko modukoa zela esan zuen, sei hilabete borrokan ibili ondoren asko lortu delakoan. EB-Berdeakeko Iñaki Garziak, berriz, bestelako iritzia zuen: ezker giroko oposizioak gehiengo politikoa izanik, hainbat proposamen egin ditugu, baina murriztuak izan dira eta oposizioaren blokea puskatzea lortu du alkateak; ez zait txalogarria iruditzen. Hauteskundeak gertu daude eta batzuk aspalditik kanpaina egiten ari dira.

6/2010, 41.500 eurokoa eta 7/2010, 51.500 eurokoa: PSE-EEren, EAren, EAJren eta Aralarren aldeko botoekin eta EB-Berdeaken eta Ezker Abertzalearen kontrako botoekin, gehiengo absolutuz onartu ziren.

15.- Proposatzea, egoki bada, Orioko 2011ko jaieguna zein izango den. Ekainaren 29a, San Pedro eguna aukeratu zuten, EB-Berdeaken abstentzioarekin eta beste guztien aldeko botoekin.

16.- Onartzea, egoki bada, talde mistoko Karmele Belasko, Joseba Goiburu eta Leire Zinkunegi zinegotziek aurkeztutako proposamena, alkatearen eta liberatutako zinegotzien ordainsariak izozteari buruzkoa. PSE-EEko zinegotziaren abstentzioarekin eta beste guztien oniritziarekin onartu zen.

EB-Berdeakeko Iñaki Gartziak alkateari soldata jaisteko gonbidapena egin zion eta, ondoren, Aralarreko Iñaki Iturainek hartu zuen hitza: Gaur onartu ditugun kreditu aldaketak adostea asko kosta da eta hauek dira, nolabait, 2010. urterako aurrekontuak. Iñaki Gartziak iaz aurrekontua onartuta oposizioa kaltetu zuela esan zion eta, biak eztabaidatzen egon ondoren, hurrengo hauteskundeetan aurkezteko asmorik ez duela esan zuen Iturainek.

17.- Onartzea, egoki bada, Ezker Batua-Berdeak/Aralar koalizioko zinegotzi Iñaki Garcia Aranbarrik aurkeztutako mozioa, Gipuzkoako Lurralde Historikoko errepideetan ezarri nahi diren bidesari berriak direla-eta; eta gaiari buruz EAJ talde politikoak aurkeztutako mozio alternatiboa. EB-Berdeaken mozioa aldeko 6 botorekin, kontrako 4 eta abstentzio batekin onartu zen. EAJrena, berriz, mahai gainean geratu zen bi bozketetan emaitza berdina lortuta: aldeko 5, kontrako 5 eta abstentzio bat.

18.- Onartzea, egoki bada, Ezker Batua-Berdeak/Aralar koalizioko zinegotzi Iñaki Garcia Aranbarrik aurkeztutako mozioa, frankismoaren biktimen desagerketak direla-eta; eta gaiari buruz EAJ talde politikoak aurkeztutako mozio alternatiboa. EB-Berdeaken mozioa aldeko 5 botorekin, eta 6 abstentziorekin onartu zen. EAJrena aldeko 5 botorekin, kontrako 3rekin eta 3 abstentziorekin onartu zen eta Aralarrena, berriz, aldeko 5 botorekin, eta 6 abstentziorekin.

19.- Onartzea, egoki bada, Orioko Errausketaren aurkako taldeak aurkeztutako eta honako zinegotziek sustatutako mozioa: Karmele Belasko, Joseba Goiburu eta Leire Zinkunegi talde mistokoak, Iñaki Iturain eta Iñaki Garcia Ezker Batua-Berdeak/Aralar koaliziokoak, eta Bixente Lasa EA alderdi politikokoa, eta gaiari buruz EAJ talde politikoak aurkeztutako mozio alternatiboa. Alde batetik, Orioko Errausketaren Aurkako Taldeak aurkeztutako mozioa, Usurbilgo Itunarekin bat egitea eskatzen duena, onartu zen, aldeko 6 boto eta kontrako 5ekin eta, bestalde, EAJrena, 5. edukiontziaren alde egiten zuena, kontrako 6 botorekin eta eta aldeko 5ekin baztertua izan zen.

20.- Onartzea, egoki bada, talde mistoko Karmele Belasko, Joseba Goiburu eta Leire Zinkunegi zinegotziek aurkeztutako mozioa, eskubide zibil eta politikoen defentsan eta apartheid-aren kontra. Ezker Abertzalearen, EAren, Aralarren eta EB-Berdeaken aldeko botoekin, PSE-EEren kontrakoarekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zen.

21. puntuan, Orioko Erraustegiaren Aurkako Taldeko kide batek eskerrak eman zizkien Usurbilgo Itunaren alde bozkatu zutenei eta EAJri konbentzitzen saiatzen jarraituko dutela esan zuen.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea