Hemen zaude: Hasiera Albisteak Beroa sanpedroetako protagonista
Dokumentu Akzioak

Beroa sanpedroetako protagonista

2009/07/01

Giro onean ospatu ziren herriko jaiak

Aurreko ostiralean hasi ziren jaiak eta atzo, ekainaren 30ean, bukatu ziren. Ia egunero zeru urdinak eta eguzki izpiek lagunduta, primerako giroa izan zen festarako, beroa nagusi. Hala ere, antolatutako ekintzetan izandako parte hartzea ez da oso handia izan.

Hainbat tabernetan erabili ziren edalontzi birrerabilgarriek erantzun ona izan zuten jendearen aldetik, parranda amaieran ohi baino hondakin gutxiago baitzen kaleetan.

Ostiralean, tabernariek antolatutako Azkaiter Peloxen eta Dj Illarraren kontzertuek lehen parrandazaleak bildu zituzten.

Larunbatean, goizeko 10:00etan, lehenengo aldiz ikastolak antolatutako triatloian Eneko Elizondok eta Teresa Argibek irabazi zuten gaztetxoetan, Andoni Makazagak eta Mariana Sayalerok gazteen artean eta Zigor Saizarrek eta Adriana Campoyk helduetan. Megafoniatik hurrengo urtean jende gehiagok parte har dezan dei egiten zuten antolatzaileek, oriotar gutxi baitzegoen lehiakide helduen artean.

12:00etan hasi ziren ofizialki festak txupinazoarekin. Aurtengoan, kategoriaz igo diren futboleko infantil eta jubenil taldeak ziren suziria botatzekoak; baina, beren borondatez, uko egin zioten jubenilek ohore horri. Beraz, infantilek piztu zuten txupina, danbor-joleen eta txarangaren laguntzaz.IMG_4512.JPG

San Pedro bezperan, igandean, goizeko hamarretan plazatik abiatuta txistulariak kalez kale pasatu ziren herritarrei egunona ematera eta gaupasan zen bat baino gehiago ere animatu zuten. Eguerdian, Toki Alai elkartekoek paella erraldoia prestatu zuten herriko plazan eta, platera euro batean saltzen zuten arren, ez zuen arrakasta handirik izan, ez baitzen jende asko hurbildu dastatzera. Probatu zutenek, ordea, oso goxoa zegoela zioten eta bi aldiz hartu zuenik ere izan zen. Plazan bertan ere, 10:00etatik 13:00ak bitartera, aeromodelismo erakusketa izan zen. Arratsaldean, bero ikaragarria egin arren, herriko gaztetxoenak gustura eta urduri zeuden Betizuren emanaldia hasi zain. Azaldu orduko dantza, kanta eta jolasak etorri ziren, 200 bat lagun bildu ziren plazan eta umeen aurpegietara begiratu besterik ez zegoen ederki pasatzen ari zirela jakiteko. Seietan frontoia inauguratu zen eta partidatako emaitzak honakoak izan ziren: neskak palaz: Beldarrain-Beldarrain 22, Uranga-San Sebastian 17; paleta larruz gizonak: Eskisabel-Etxeberria 35, Otero-Andonegi 33; eta pilotako finalean Lemuno-Alberdi 8, Onsalo-Galarraga 22.

San Pedro egunean 10:00etan aldibereko xake txapelketa izan zen ikastolak antolatuta, 12:00etan herri   kiroletako proben emanaldia ikusteko aukera izan zen plazan, Heldu! taldeak animatuta eta horien artean 113, 110 eta 110 kiloko harriak jaso zituzten indar handia zutela erakutsiz, txinga, trontza eta korrika probak ere izan ziren ikusgai. 13:00etan Udalbatzarraren aretoan Literatur lehiaketako sari banaketa izan zen eta LH-ko eta DBH-ko ehun ikasle inguruk egindako olerki, ipuin eta marrazki onenak saritu zituzten; aurtengoan, Herrio natur taldearekin elkar lanean, sari bereziak eman zituzten natur gaia jorratzen zuten lanekin. Arratsaldean, besteak beste, erremonteko partidak jokatu zituzten frontoian eta hasi baino lehenago eserleku guztiak beteta zeuden; honako emaitzak izan ziren: Gonzalez-Barrenetxea 35, Juan Martiñena-Lizarralde 27; eta erremonte profesionaletan, Matxin III-Badiola 33 eta Agirresarobe-Iriarte 40.

Atzo, jaietako azken eguna izan zen eta kalean jende gehien bildu zen eguna izan zen. Goizeko hamarretan heriotzik gabeko arrantza lehiaketa egin zen eta gogor jardun ziren arrainak harrapatu nahian, baino atzo ez zabilen arrain askorik moilan; hala ere, asko harrapatu zuenik ere izan zen. Lau sari banatu ziren eta irabazleak honako hauek izan ziren: alebinetan Aroa Sanchez 2 piezarekin, benjaminetan Ohian Gozategi 9 piezarekin, infantiletan Aitor Azurmendi 8 piezarekin eta arrainik handiena harrapatu zituztenak Asier Sanchez eta Igor Mendizabal izan ziren, 50 zentimetroko piezarekin. Egin zuten zozketan Eneko Elizondok jaso zuen saria eta parte hartu zuten guztientzako gozokiak banatu zituzten. Goiz eta arratsaldean, umeak salto eta salto ibili ziren plazan jarri zituzten puzgarrietan eta haurrez beterik zegoen goizeko hamaiketako, gaztetxoenak aurpegia margotzeko eta marrazkiak egiteko aukera izan zuten. Haurrak aparte, zaharrenak ere, jokoan aritu ziren plazan bertan toka eta igela jokoetan. 90 lagunek hartu zuten parte, baina batzuk jokatu gabe gelditu ziren izan ere, 12:00etan izen emateko epea itxi zuten 14:00etan jubilatuek bazkaria zutelako eta ez zegoelako denak jokatzeko denborarik. Sariak, kopak eta dominak izan ziren eta parte hartzaile guztiei txokolatezko opilak eman zizkieten. Eguna eta jaiak amaitzeko, lauretan dardo txapelketa jokatu zen.

Argazki bilduma ikusi nahi izanez gero klikatu hemen

 




Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

Beroa sanpedroetako protagonista

Gustura asko paella jaten plazan.