Asto proba izango da larunbatean
Punta-puntako hiru asto arituko dira 500 kiloko asto-harriari tiraka, Aiako probalekuan
Azken urteotan idiak ikusi baditugu ere, aurrerantzean astoak ere arituko dira lehian Aiako probalekuan. Izan ere, Aiako Kintopeko 1. Asto proba berezia antolatu du martxoaren 13rako Aiako idi proba elkarteak, Udalaren laguntzarekin. 22:00etan hasiko da norgehiagoka eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak kontrolatuko du.
Punta-puntako hiru asto arituko dira probalekuko 500 kiloko asto-harriari tiraka: Eibarko Bitorio-Zelaiarena, Bermeoko Excavaciones Bilbaorena eta Azkoitiako Txibilterrena. 300 kilotik gorako astoek kilo bateko gainzama eraman beharko dute pisu horretatik pasatzen diren kilo bakoitzeko. Animalien pisaketa, berriz, proba egunean bertan egingo da, 19:00etan.
idiak astelehenean
Martxoaren 15ean, astelehenarekin, hiru pare idi jardungo dira deman, arratseko 22:00etan hasita. Birleko Laskiren, Orioko Iñaki Olidenen eta Lasarteko Telleriaren zezen zikiratuek neurtuko dituzte indarrak. Aiako probalekuko 1.750 kiloko harria arrastatuz, plaza gehien egiten duen pareak irabaziko du proba.
Baldintzei dagokienez, 1.300 kilotik gora, kiloko kilo eta erdiko gain-zama eraman beharko dute idiek.
10:00etan pisatuko dituzte, gero proba izango duten lekuan berean.
3.000 euroko apustua
Aste berean bi neurketa izango ditu Iñaki Olidenek. Izan ere, martxoaren 19an, Eibarko Ibon Oiñederra Agerreazpirekin lehiatuko da, egindako 3.000 euroko apustua norentzat den erabakitzeko. Inoiz plazaratu gabeko animaliak erabili beharko dituzte biek Aiako probalekuan eta 1.500 kg eta 110kg-ko gainkarga duen Urgain harria ibili beharko dute arrastaka.
Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren begiradapean egingo den deman Oliden eta Iketza izango dira Orioko idien itzaiak; Iosu Oiñederra eta Urrutia, Agerreazpirenak.
9:00etan pisatuko dituzte idiak eta gaueko 22:00etan hasiko da apustua.