Aulki mugikorreko estropada izango da larunbatean Orion
Estropada eremu berean bi luzera neurri izango dira eta oriotarrek 19 ontzi jarriko dituzte lehian
Aulki mugikorreko Gipuzkoako Ligako 6. jardunaldia jokatuko da larunbatean Orion. 14:00etan hasita, batak bestearen ondoan lerrokatuta jokatuko duten lehen estropada izango da, orain artekoak jaitsierak izan dira-eta.
Kategoria eta espezialitate guztietan arituko dira gizonezkoak nahiz emakumezkoak: bi arraunlari bina arraunekin (2x), biko ontzia arraun banarekin (2-), bakarka bi arraunekin (1x), laukotea arraun banarekin (4-), lauko ontzia bina arraunekin (4x) eta zortzikoa lemazainarekin (8+).
Estropada eremu berean bi luzera neurri izango dira. Infantilek eta beteranoek 1.000 metro egin beharko dituzte, Txanka paretik herriko zubiraino; eta kadeteek, jubenilek, eta seniorrek, berriz, 1.500 metro, Mariaerrotazahar paretik hasi eta zubiraino.
Oriotarrek 19 ontzirekin hartuko dute parte estropadan eta Hondarribia, Santiagotarrak, Ur-Kirolak eta Donostia izango dituzte aurkari.