Autopistako ordainlekuan milioi bat sarrera-irteera urtebetean
Iazko abuztuan lotunea ireki zutenetik autopistako joan-etorriak arian-arian gehitu egin dira aurtengo uztailean 4.000ra iristeraino.
Oriotik AP-8 autobidera sartzeko eta handik irteteko ordainlekua iazko abuztuan ireki zuten. Urtebeteren ondoren emaitzak poztekoak direla diote Bidegitik. Izan ere, milioi bat ibilgailutik gora izan dira ordainlekutik pasatakoak. Gainera, denboran aurrera egin ahala erabilera kopurua ere hazi egin da urtean barrena: 2009ko abuztutik abendura bitartean egunean 2.700 ibilgailu pasatu ziren batez beste; 2010eko martxoan 3.500 eta uztailean 4.000 baino gehiago. Ibilgailu astunen batez bestekoa, berriz, %9koa izan da.
Orotara milioi bat izan dira, baina bi noranzkoak neurri bertsuan erabili dira Donostiatik Oriorakoa (539.000) Oriotik Donostiakoari (519.000) pixka bat gailendu arren.
Txankako bidea
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Bide Azpiegituren Agentziaren bitartez, 1,1 milioi euroko inbertsioa egingo du Txanka eta Orioko hondartza lotzen dituen errepidea zabaltzeko eta hobetzeko. Autobidea sei erraietara handitzeko eta Orioko ordainlekuko lanen osagarri izango dira konponketa horiek. Ordainlekua ireki zenetik, nabarmen handitu da Txankatik hondartzara arteko ibilgailuen joan-etorria. Hori dela-eta, egoera berriari erantzun egokia emateko hobekuntza lanak egingo dituztela jakinarazi dute Foru Aldunditik.