Patxi Uranga baldintzarik gabe espetxeratua
Larunbatean deklaratu zuen Espainiako Audientzia Nazionaleko Garzon epailearen aurrean
Patxi Uranga bost egun Polizia Nazionalaren esku inkomunikatua egon ondoren, ekainaren 27an, larunbatean, Espainiako Audientzia Nazionalaren epaile Baltasar Garzonen aurrean deklaratu zuen eta baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak "ETAko kide izatea eta lehergailuak edukitzea" egotzita. Bost egun horietan eta atxilotu zutenean tratu txarrak jaso zituela salatu zuen Patxik eta baita operazio berean, berarekin batera atxilotutako Olatz Lasagabasterrek eta Ainara Vázquezek ere. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, "bereziki polizien autoetan eginiko bidaietan jaso dituzte kolpe eta mehatxuak" eta polizia-etxean egon diren egunetan, berriz, presioak jasan zituztela azaldu zuten. Patxiri leporatutako gauza bera leporatzen dio Olatz Lasagabasterri Garzonek eta Ainara Vázquezi, berriz, "ETAko kide edo kolaboratzailea" izatea. Madrilgo Soto del Real kartzelara eraman dituzte hirurak.