Berriz Gure Naia ontzia bizirik nahi dute
Orion geratzen den egurrezko itsasontzi bakarra da
Orion geratzen den egurrezko itsasontzi bakarra den Berriz Gure Naia desegiten ari direla eta, ontzia bizirik mantentzeko laguntza eskatu du herritar talde batek. Juan Gorostegiren hitzetan, horrelako ezaugarriak dituzten itsasontzi gutxi geratzen da inguruotan eta hondoratu aurretik bestelako erabileraren bat emateko lanean hasi da, besteak beste, Xanti Manterola eta Eusebio Aldaz arrantzale ohiekin batera: arrantza jarduerari baja eman eta museo bihurtu nahi dugu Gure Naia. Erabilera turistikoa eman dakiokegu –Donostiara ibilaldiak antolatu…–, edota egurrezko itsasontziak nolakoak ziren haurrei erakusteko balio dezake, eskola moduan…
Noiz desegingo zuten zain bazeuden ere, duela egun gutxi hasi dira ontzia txikitzeko lanak Arostegi tailerrean. Inork ezer egiten ez zuela ikusita hasi zen orduan Juan Gorostegi lan horiek geratzeko ahaleginak egiten. Egoera plazaratzeari ekin dio aurrena –prentsa eta abarren bidez– eta herriko agintariei berri ematen ari da orain. Diputazioko arduradunekin ere hitz egin du eta datorren astean –Gorostegiren hitzetan, beranduegi, agian– Aldundiko ordezkariren bat Oriora hurbilduko dela agindu diote. Berriz Gure Naia nolakoa den ikusi nahi dute itxuraz.
Gorostegik adierazi digunez itsasontzi bat desegiteagatik diru laguntza ematen du Europar Batasunak eta ez da bidezkoa ontzia museo bihurtzeagatik armadorea zigortzea, diru laguntzarik gabe uztea: beste bide batetik eman beharko litzaioke zor zaiona. Berriz Gure Naiako armadore Gabriel Urangarekin hitz egitekotan direla ere gehitu du Juan Gorostegik.
Berriz Gure Naia deseginda, arrantzan diharduten zazpi itsasontzi geratzen dira Orion –Beti San Luis, Gure Gogoa, Berriz Ave Maria, Kantabriko Berria, Beti Aingeru, Montserrat Berria, San Antonio Berria eta Berriz Gure Naia– eta altzairuzkoak dira guztiak.
baporeak