Bihar bukatzen da udako Aiako ikastaroetan izena emateko epea
Kirola egiteko, ingelesa ikasteko edota udaleku irekietan eman daiteke izena
Bihar bertan, ekainaren 9an, bukatuko da udako Aiako ikastaroetan izena emateko epea. Hiru motatako eskaintza egin du Udalak haurrentzat: kirol jardueretan, lau aukera izango dituzte: igeriketa, patinajea, tenisa eta hipika, laurak ere uztailean; ingeles ikastaroak ekainean hasi eta uztaila arte izango dira; eta udalekuak, berriz, uztailean. Jarraian dituzue ikastaro bakoitzaren ezaugarriak:
Kirolak:
1. Igeriketa: 4 urtetik gorakoentzat, 20 orduko ikastaroa, uztailean zehar, arratsaldez. Astelehenetik ostiralera, ordubetez. 25 euro balioko du.
2. Patinajea: 7 urtetik gorakoentzat, 10 orduko ikastaroa, uztaileko lehen hamabostaldian, arratsaldez. Helduentzat talde berezia izango da. 15 euro balioko du.
3. Tenisa: 7 urtetik gorakoentzat, 10 orduko ikastaroa, uztaileko lehen hamabostaldian. Astelehenetik ostiralera, egunean ordubete, arratsaldez. 15 euro balioko du.
4. Hipika: 8 urtetik gorakoentzat, 10 orduko ikastaroa, uztailean, arratsaldez, 2 orduz. 60 euro balioko du.
Kirol ikastaro bat baino gehiago hartuz gero, prezioak aldatu egingo dira. Modu horretara, tenisa eta patinaketa egin nahi dituenak 20 euro ordaindu beharko ditu; hipika eta igeriketa egin nahi dituenak, berriz, 85 euro; igeriketa, tenisa eta patinaketa egiteak 45 euro balioko du; eta hipikak, tenisak eta patinaketak, 95 euro.
Ingeles ikastaroak:
12-16 urte bitarteko haur eta gazteei zuzenduta dago ikastaro hau. Egunero izango dira saioak, bi ordu eta erdiz (goizeko 10:00etan hasi eta 12:30ak arte) eta idazkera eta ahoskera landuko dira jokoen bidez. Bi talde osatuko dira: ekainaren 29an hasiko dira biak eta bata uztailaren 10ean bukatuko da eta bigarrena, uztailaren 24an. 68 euro kostako da ikastaro motza eta 145 euro luzea.
Udalekuak:
Uztailaren 1etik 30era izango dira 3 eta 11 urte bitarteko haurrentzako udalekuak. Goizeko 10:00etatik 13:00etara izango dira, astelehenetik ostiralera. 7 urtetik gorako umeek, gainera, lehen hamabostaldian ingelesez aritzeko aukera izango dute, 68 euro ordainduta. Hilabete osoa, aurrena ingelesez eta gero euskaraz, egiten duenak 93 euro ordaindu beharko ditu Aiakoa bada; 100 euro gainerakoak.
Gainerakoan, Aiako eskolakoek 50 euro ordaindu beharko dituzte udalekuetan parte hartzeko eta gainontzekoek, 65 euro. Familia bereko hirugarren kideak erdia bakarrik ordaindu beharko du.