‘Bisigua Orio Estilora’ festaren aurkezpena
Prentsaurrekoak irauten zuen bitartean bisiguak erre zituzten eta ondoren dastatzeko aukera izan zen
Uztailaren 2an, goizeko 11:00etan, Orion uztailaren 16tik 19ra bitartean ospatuko den, Bisigua Orio Estilora festa aurkeztu zuten, eta, horretarako, prentsaurrekoa eman zuen Jon Redondo Orioko alkateak. Aurten festa aurkezteko modu berezia aukeratu du alkateak eta Donostiako kaian izan zen ekitaldia, itsas irteerak egiten dituen itsasontzi batean. Prentsaurrekoak irauten zuen bitartean, Joxe Migel Zendoia Katxina jatetxeko sukaldariak eta Luis Mari Uranga Xixario jatetxeko sukaldariak bisiguak erre zituzten. Bisigua prestatzeko sekretuak azaldu zituzten eta, gero, dastatzeko aukera eman zuten. Jon Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantzaren Garapeneko sailburuordeak arrantzaren inguruko hainbat datu eskaini zituen atzoko ekitaldiaren barruan.
Festara hurbildu nahi duten gipuzkoar guztiak gonbidatu zituen alkateak: "Herriko ateak zabalduko ditugu; eta gipuzkoar guztiak Oriora gonbidatuta daude". Aurreko urtean, bazkari edo afaritarako txartelik gabe gelditu ziren herritar ugari eta aurten gauza bera gertatu ez dadin egun gehiago luzatu dute festa, bi egun gehiago, osteguna eta ostirala, nahi duten guztiek aukera izan dezaten bisigua jateko. Bost otordu emango dituzte eta, iaz bezala, aurten ere Xixario jatetxeko Luis Mari Urangak, Katxiña jatetxeko Joxe Mari Zendoiak eta Joxe Mari erretegiko Andoni Manterolak prestatuko dituzte bisiguak. Mila lagunentzako lekua izango dela azaldu zuen alkateak. Bisiguaren festan parte hartu nahi dutenek 943 83 09 04 zenbakira deitu dezakete, turismo bulegoan izena eman edo posta elektronikoz bidali mezu bat, helbide honetara: turismoa@oriokoudala.com. Otordua 45 eurotan eskuratzeko aukera izango dute gerturatzen direnek eta menua honakoa da: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, arrain pastela, bisigua parrillan eta itsas zaporea duen postrea. Festa honetara astebukaeran Oriora etortzen direnek, bisiguaz aparte, herriko beste produktuak ere dastatzeko aukera izango dute: larunbatean marmitako erraldoia prestatuko dute herriko elkarteek eta igande eguerdian, hegaluzea parrillan jateko aukera izango da. Horrez gain, larunbatean, 18:00etan KAE lehen mailako estropadak izango dira.
Agenda okupatua