Hemen zaude: Hasiera Albisteak Bolo-bolo zebilen bigarren hautagai zerrendakoek atzera egin dute
Dokumentu Akzioak

Bolo-bolo zebilen bigarren hautagai zerrendakoek atzera egin dute

2011/10/20

Biharko beste zerrendarik aurkeztu ezean, Ibon Huegun izango da presidente berria

Arraun elkarteko hauteskundeetara bolo-bolo zebilen bigarren zerrenda bat ere aurkeztekoa zela. Epea bukatu bezperan, jakinarazi dute zein ziren zerrenda horretako izenak eta zein zen beren proiektua, baina azkenean atzera egin dute.

Gauzak horrela, Agustin Zalduak aurkezteko asmoa zuen zerrenda biharko aurkezten ez badu, eta beste inor aurkezten ez bada, Ibon Huegun buru duen zerrenda izango da zuzendaritza batzorde berria osatuko duena, eta ondorioz, Huegun bera izango da presidente.

Hona hemen atzera bota den hautagai zerrendak helarazi duten testua:

Hautagaitza hau arraun elkartearen emaitza txarrek herrian sortu zuten egonezinaren ondorioz sortu zen. Orio, bere historiagatik dagokion lekura itzultzea izan da beti gure asmo bakarra.

Aurreko zuzendaritza batzordeak konfiantza-mozioa aurkeztu zuenean, han ateratzen zen emaitzaren zain egon eta ezezkoa bazen elkartean aldaketa bultzatzeko gure hautagaitza aurkeztea erabaki genuen. Baina beti ere ezezko emaitza ateratzen zen kasuan bakarrik eta horregatik aurrez ez genuen ezer egin edota inorekin hitz egin nahi izan.

Gure hautagaitza pertsona hauek osatzen zuten: Miguel Angel Sarasua, Txomin Etxeberria, Amaia Aizpurua, Jose Ramon Elizondo, Imanol Bengoetxea, Pello Etxeberria, Koldo Miralles, Pedro Leunda, Andoni Sarasua, Elena del Hoyo, Jon Basurko, Maribi Genova, Jon Redondo eta Idoia San Sebastian.

Hautagaitzaren asmoa harrobiarekin egindako lana indartu eta Oriok historian zehar izan duen mailara igotzea zen. Hiru helburu nagusi finkatu ziren: harrobiarekin egiten den lanean, aulki mugikorrean eta traineruarekin erreferente izatea.

Ordena konkretu hau nahita erabili zen. Jakitun gara, diru inbertsio indartsu batekin traineruarekin emaitza onak lortzea posible dela, baina horrela gure harrobia ez genuke sendotuko. Harrobiarekin egiten den lana berregokitu, aulki mugikorrari duen garrantzia eman arraunlariaren garapen fisiko eta tekniko egokia lortzeko eta bi helburu hauek beteta traineruak ere bere mailarik onena emango luke.

Gure egitasmoaren beste ardatz garrantzitsua, elkartea oriotar guztientzat irekia eta gardena izatea zen. Lan egiteko asmoa duen pertsona oro ongietorria izatea, inongo betorik jarri gabe. Fitxaketak egiteko ez litzateke dirurik erabiliko, arraunlarien artean berezitasunik ez sortzeko.

Egitasmoaren ardatz nagusiak http://www.wix.com/aupaorio/aupaorio. helbidean ikus daitezke.

Organigrama teknikoa osatzeko etxeko jendearen aldeko apustua egin genuen: gure apustua Gorka Etxeberria eta Agustin Mujikak elkarlanean kiroletako arloa eramatea zen.

Talde honek bilerak egin ditu momentuz ofizialki aurkeztu den hautagaitza bakarrarekin. Baina, bileretan ezin izan genuen bakoitzaren egitasmoez hitz egin, horretan hasi ahal izateko, Sarasuaren taldeko bost pertsonen aurka –bera barne– betoa jarri eta taldetik kanpo gelditzea eskatzen zutelako.

Sarasuaren taldeak, zuzendaritza batzordean jarduteko ez du inolako interesik, ez politiko, ekonomiko edo bestelakorik. Interes bakarra Orioko arraun elkartea dagokion lekura itzultzea da. Ikusi da, aurreko zuzendaritza batzordeko kideek, deitutako konfiantza-mozioa gainditu ez eta dimititu egin zutela esan arren, hor jarraitzeko gogoa dutela eta hori lortzeko hautagaitza aurkeztu dutela. Guk gauza bera egingo bagenu, hauteskundeak izango genituzke, elkartean eta herrian orain dagoen zatiketa areagotuz. Eta guk ez dugu holakorik nahi. Beraz, arraun elkartearen onura lehenetsi eta ez aurkeztea erabaki dugu. Agurtzeko, zuzendaritza batzorde berriari zorte ona opa diogu. Aupa Orio.

Webgunea

Iñaki Gurrutxaga — 2011/10/20 17:14
Beste behin ere, benetan penagarria. Ezin dut sinetsi bigarren hautagai zerrenda izan behar zuen honetan, ez dagoen inor Webgunea euskaraz jarri zezakeenik. Eta ez diot euskara hutsez (horretan ez naiz sartuko, nahiz eta jarrera argia daukadan horren aurrean ere), elebitan baizik, gutxienez. Euskal Alfabetatuak ikusi ditut zerrendan, hainbesteko ahalegina al da webgunea euskaratzea? EL ORGULLO DE SER AMARILLO... niri lotsa sentituarazi dit ba, zer nahi duzue esatea.

ORGULLOOOOOOOOOOOOOOOO

arraunaberbi — 2011/10/20 17:45
Hosti!, arrazoi osoa daukak. Oraintxe bertan sartu nauk webgune horretan eta hankazgora gelditu nauk, nun demontretan bizi gera. Galdera bat, Karkarara elerazi duten testua nola zegoen?, elebidun, euskera hutsean ala gaztelania hutsean?

Hobe berandu...

Iñaki Gurrutxaga — 2011/10/21 19:50
...egin gabe utzi baino. Badirudi gure iritziak kontutan hartu dituztela weborriaren arduradunek, eta dagoeneko elebitan ageri da. http://www.wix.com/aupaorio/aupaorio#!__hasiera Beraz, alde horretatik behintzat zorionak, konponbidea laister eman diotelako.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea