Eguraldi traketsari giro ona gailendu zaio Aiako gauetan
Eguneko festari jarraitzeko aitzakiarik gabeko eskaintza zabala izan zen
Gauero izan zen ikuskizunen bat azken urteetako ohiturari jarraituz. San Donato egunaren bukaeran bertso saioa izan zen eta dema-plaza bete zen, baina bertsolariak bukaera arte ez zuten lan politik egin. Koplatako saioa eta puntukakoa izan ziren txalotuenak. Koplatakoan sei bertsolariak Elkanoren ontzian zihoazen itsasgizonen papera jokatu behar zuten eta segituan jarri zen Lizaso Elkanoren paperean, bere izena, Sebastian, aitzakia hartuta.
Koplatako saioan algara ugari izan zen jendearen artean, eta Iker Zubeldiak Xabi Payari uretara erori zenetik mareak daudela munduan esatean entzun ziren handienak. Saioaren amaieran, Unai Iturriagak barkamena eskatu zuen, halako plazan ez zuelako aitzakiarik hain gaizki kantatzeko. Bertso jaialdiaren ostean, Egan taldearen eskutik erromeria izan zen eta plazan jende ugari bildu zen.
Larunbatean, Ate joka antzezlanaren txanda izan zen. Emanaldi benetan umoretsua izan zen ikusi ahal izan zena. Aktore aski ezagunak ziren lanean jardun zutenak, Goenkaletik ezagunak hirurak ere, Sara Cozar, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga. Bi lagunen arteko elkar bizitza kontatzen du, bata dibortziatua eta bizizalea eta bestea dibortziatzeko zorian dagoena, maniatikoa eta obsesionatua. Baina momentu barregarriena gidoitik kanpoko une batean iritsi zen. Iker Galartzari mikrofonoa arazoak ematen ari zitzaion eta une batez eszenatokiaren izkina batean jarri zen. Orduan Joseba Usabiagak "justu momentu hoberena aukeratu duk hik ere" ironiko bat esan eta publikoa barrez lehertu zen.
Antzerkiaren atzetik festetako kontzertu potenteena izan zen. Larunbata izanik antolakuntzak jende bertaratzeko esfortzu berezia egin du azken bi urteotan, talde erakargarriak kontratatuaz, baina eguraldia ez zuten lagun izan aurtengoan eta jende gehiena tabernan ibili zen. Maytips ska talde kataluniarraren aldeko apustua egin zuten, talde ezezaguna gehienentzat, baina benetan inpresio ona jaso zuen antolakuntzak eta jendeak. Tamalez, Triki ta Kek bertan behera utzi behar izan zuen bere emanaldia, eguraldiaren erruz.
Igande gauez herritarren txanda iritsi zen: karrozarena. Aurretik giroa berotzen joateko gin-jazz erakustaldia eman zuten herriko neska-mutil gazteenek. Karrozaren garaian eguraldia portatu zen, euria egin zuen aurrez eta ondoren, baina antzerkiak iraun zuen bitartean ez zen tantarik ere erori. Aurten, Pako izeneko gizon baten agonia izan zen gaia. Pako hiltzear zegoen Aiako festak ziren bitartean, eta aukeratu beharra zeukan zerua eta infernuaren artean. Deabruak Pako erakarri asmoz, bertan Michael Jackson zegoela esan eta orduan herritar batzuk Jacksonen kantu nahasketa batekin osatutako koreografia bat egin zuten, Thriller famatuan bezala mozorrotuta.
Zeruko ordezkari jainkoaren ordez, Hada Madrina agertu zen. Hegodun asto batek gidatzen zuen gurdi batean eta aingeruz inguraturik jaitsi zen plazaraino. Pako konbentzitzeko, Mikel Laboa zeruan zela argudiatu zuen. Laboak Txoriak txori kantatu zuen —edo saiatu zen behintzat— inguruan uso handi bat zuen bitartean. Azkenean, Pakok ez zituen ez bata ez bestea hautatu, eta koadrilako blusa jantzi eta Aiako festetara joatea erabaki zuen. Umore bizi-bizia izan zen karroza guztian, horretan urteetan zehar aritu direnek benetako plaza-gizona direla erakutsi zutelarik. Atzetik Abiba disko-festa izan zen.
Festak amaitzeko, astelehenean, San Lorentzo egunez su-festak eta traka izan ziren. Su-festen inguruan jendeak komentario orokor bezala bezperan Donostian bota zituztenak baino hobeak izan zirela esaten zuen. Beti bezala, traka zaratatsuarekin agurtu zituzten Aiako jaiak datorren abuztua arte.