Eguzki OBBko juniorrak txapeldunorde
Finalean, 3-6 irabazten hasi arren, azkenean 7-6 galdu zuen Orioko taldeak
Aurreko astebukaeran, uztailaren 3tik 5era, Orioko Eguzki Bate Bizkorrak Taldeak Espainiako Sofbol txapelketa antolatu zuen Orion eta Eguzki OBB taldeko junior mailakoak txapeldunorde gelditu ziren. Larunbatean, hiru partida jokatu ziren eta herriko taldeak heldutasun eta nagusitasun handia erakutsi zuen hiruretan.
Eguzki taldekoak Proyecta Kataluniako taldearen kontra jokatzen hasi ziren eta talde oriotarrak, partida osoan, katalanek baino maila hobea zutela erakutsi zuen eta 11-1 irabazi. Partida horren ondoren, Amara Donostiako talde berriaren aurka jokatu zuten. Donostiakoa esperientzia gutxiko taldea zenez, oriotarrak ez zuten zailtasunik garaile izateko, 17-0. Partidan Orioko txikienek ere aukera izan zuten jokatzeko. Emaitza horrekin, finalerdietarako sailkatu ziren eta 2008ko txapelketaren irabazleen kontra jokatzea egokitu zitzaien: Ordiziako taldearen kontra. Talde gogorraren aurka jokatu arren, oriotarrek lortu zuten finalerako txartela, 6-2 irabazi eta gero.
Txapelketako finalaren ordua iritsi zen eta Eguzki taldekoak prest zeuden Atletiko San Sebastian taldearen kontra lehiatzeko. Nahiz eta oriotarrak 3-6 irabazten hasi, Extra inning-ean izandako zorte txarraren ondorioz, Atletiko San Sebastianekoek partida irabazi zuten, karrera bateko aldearekin. Azkenean, 7-6 izan zen emaitza.
Txapelketa irabazi ez arren, Orioko taldeko bi kide sarituak izan dira: bateatzailerik onenaren saria irabazi du taldeko gazteenak, Maialen Zubiak; eta etorkizun handiko jokalariaren eta txapelketako jokalari baliotsuenaren saria, berriz, Olatz Zubiak.