Emakume langilearen egunari buruzko mozioa onartu zen atzo udalbatzarrean
Muntoko Plan Partzialarekin gai bakarreko ez ohiko udalbatzarra izango da martxoaren 4an
Otsaileko ohiko udalbatzarrean hasiera batean zituen lau puntuetatik hiru bozkatu ziren atzokoan. Izan ere, 2. puntua, Orioko Udal Planteamenduaren Arau Subsidiarioen 8. sektoreari (Munto) dagokion ekimen pribatuko Plan Partziala, mahai gainean uzteko erabakia hartu zen aho batez.Horrenbestez, alkateak hilaren 28rako komisio berezira deitu zituen udal zinegotziak eta martxoaren 4an gai bakarreko ez ohiko udalbatzarrerako deialdia egin zuen. 19:00etan izango da udalbatzar aretoan.
Gai ordena jarraitu zen gero. Urtarrileko ohiko bilkurako akta aho batez onartu ondoren, PSE-EE udal taldeak aurkeztutako Emakume langilearen egunari buruzko mozioa bozkatu zen. Aldeko 8 (EAJ, EB/B-Aralar, EA eta PSE-EE/PSOE) eta aurkako 3 bozekin (EAE) aurrera egin zuen.
Mozio horren arabera, emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasuna gizartean erreala izan dadin, Orioko udala berdintasun legea aplikatzen eta garatzen laguntzera eta genero biolentziaren borrokan parte hartzera konprometitzen da.
EAJren adierazpen instituzionalaren txanda izan zen gero. Alde bozkatu zuten EAJ, EA eta EB/B-Aralarreko zinegotzi batek. Koalizioko bigarren zinegotzia eta EAE abstenitu egin ziren. Beraz, onartua geratu zen.