Energia berriztagarriak jarriko dituzte Pagoeta parkean
Mota askotako energia berriztagarriak jarriko dituzte martxan Pagoeta parkean, jendeak bertan ezagutzeko eta ematen dutena aztertzeko eta erabiltzeko.
Joan den ostegunean haize errota handia eraiki zuten Pagoeta parkean, Iturraran baserriaren atzeko belardian. Hiru eremu dituen proiektuaren aurreneko pausoa izan zen.Bertan Iñaki Aizpuru parkearen zuzendariak zehaztu zizkigun dituzten asmoak eta helburuak:Energia berriztagarriak garrantzitsuak dira, baina jende arruntarentzat ez dago inon martxan ikusteko aukerarik adierazi zigun Iñaki Aizpuru parkearen zuzendariak. Asmoa da hiru mota martxan jartzea, emaitzak aztertzea eta lortzen dena jende aurrera ekartzea. Horrela aukera gehiago izango dute erabakitzeko energia berriztagarriko sistemaren bat etxe edo baserri ondoan jarri nahi duten, autonomoagoa izateko.
Hiru energia iturri
Hiru energia iturri aukeratu dituzte proban jartzeko: haizea, lurra (geotermikoa) eta eguzkia. Aizpururen arabera, Askotan entzuten dugu horrelako batek hainbat kilowatio emango duela, baina gauza da non, zer baldintzetan, noiz. Hemen emaitzak neurtu nahi ditugu.
Geotermikoa martxan jartzeko, baserri atzeko belardian 1500-2000 metro koadro lur altxatuko dute, metro beteko sakonean tuboak sartzeko. Bero-ponpa baten bidez lurraren azaleko eta lur azpiko tenperaturen aldea aprobetxatzen du sistemak beroa sortzeko. Zelaia lehen bezala gelditzen da esan digu Aizpuruk. Sortutako beroa erabiliko da lorategiko berotegietan, baina berdin erabil daiteke etxea berotzeko. Sistemak erabiltzen duen energia baino hiru aldiz gehiago sortzen omen du, eta udatik aurrera egiaztatuko dute.
Eguzki plaken teknologia azkar aurreratzen doanez, ziurrena da bi motakoak jarriko dituztela, bien emaitzak aztertzeko.
Haize errota jartzeko 35.000 euro zeuden 2007ko aurrekontuan eta lurretik beroa ateratzeko sistemarako 155.000 euro. Eguzki plakarena 2008ko aurrekontuan dago eta momentu honetan lehiaketan dago.
Erabilera arduratsua
Aipatutako hiru kasuetan produkzioa ez ezik, kontsumoa ere hartu nahi dituzte kontuan, askotan energia sortzeko, energia erabili behar delako eta jakin behar da zenbateraino merezi duen.
Energiaren erabilera arduratsua gaztetxoei ere transmititu nahi diete. Iturraran baserrira eskolako ume talde mordoa etortzen da , eta ikasten eta aztertzen dituzten gaien artean beste bat izan liteke energiarena, beste inon hurbildik ezagutuko ez dutena.
Aizpururen hitzetan: Pagoeta aukeratu du Diputazioak jabea izateak lanak errazten duelako. Aukera onak eskaintzen ditu : haizea, eguzkia, belardia… eta sortutako energia parkean bertan erabiliko da .