Erriberrira txangoa antolatu du Zaharren Babes Lekuak
Maiatzaren 13an izango da bidaia eta 5ean eman beharko da izena
Erriberrira (Olitera) txangoa antolatu du Zaharren Babes Lekuak maiatzaren 13rako. Prestatu duten programaren arabera, goizeko zortzietan irtengo da autobusa Donostia aldeko errepideko geltokitik. Behin Erriberrira iritsita, hamaiketakoa egingo dute, indarrak errekuperatzeko. Bertako gaztelu ezaguna bisitatuko dute ondoren, Azagra herriko Venezia hostalean bazkaldu aurretik.
Izen ematea
Interesatuek, maiatzaren 5ean eman beharko dute izena Zaharren Babes Lekuan,14:30etik 18:30era bitartean. 33 euro ordaindu beharko da bidaia egin ahal izateko.
Zamoran
Apirilean, berriz, 55 lagun izan ziren Zamoran; autobusa guztiz bete zen, beraz. Txomin Iribar, Zaharren Babes Lekuko presidenteak adierazi duenez, gustora ibili ziren, eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere. Izan ere, hotza izan zuten Espainiako parajeetan, eta tarteka, euri zaparradaren bat ere bota omen zien. Itzulerako bidaian ere, elur bustia eta txingorra izan zituzten Burgos parean.
Hurrengo txangoa
Ekainerako ere beste eskurtsio bat antolatua du, jadanik, Zaharren Babes Lekuak. Frantziako Landak bisitatzeko aukera izango dute herriko jubilatuek.