Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskararen aldeko lana etorkizunean nola egin aztertuko da Orion
Dokumentu Akzioak

Euskararen aldeko lana etorkizunean nola egin aztertuko da Orion

2011/02/08

Anjel Lertxundiren solasaldia izango da gaur, hilaren 8an, 19:00etan; otsailaren 9an, 16an eta 23an izango dira hurrengoak

Euskara batzordeak antolatuta, euskararen aldeko lanari bultzada emateko jardunaldiak izango dira otsailaren 8an –gaur–, 9an, 16an eta 23an Orio, euskarazko arnasgunea sendotu izenburupean. Herritarrei zuzendutako saioak izango dira guztiak; euskararen inguruan lanean dabiltzan edota lan horretan hasi nahi duten guztientzat.

Eredu berrien bila
20 inguru urte egin ditu Euskara Batzordeak lanean. Martxa hartua du eta ohitura bihurtu diren euskararen aldeko zenbait ekimen egiten dira urtero: literatur lehiaketa, kale-neurketak… Bi hamarkadetan, ordea, aldatuz eta hobetuz joan dira kontuak. Euskara teknikari Jabier Zabaletaren hitzetan, euskararen erabilera bultzatzeko ahalegina handiagoa da orain: eskolak normalizazio planetan sartuta daude, udalak dezente egiten du euskaraz, hamabostero euskaraz kaleratzen da Karkara… baina, egungo eredua agortu egin zaigu. Urte asko daramatzagu lan honetan eta azken urteotan geldialdia sumatzen dut: atzera ez aurrera gaudela iruditzen zait.
Egoera ikusita, ideia eta ikuspegi berriak bilatu nahi ditu Euskara batzordeak eta aurrerantzean zein bide hartu behar duen ondo pentsatu.

Horretarako garai  ona dela dio Zabaletak: Alde batetik, egoera politikoari dagokionez, aldaketak etor litezke eta gauzak beste modu batera egiteko aukera izan daiteke; bestalde, epe motzagoan, udal hauteskundeak ere badatoz; jende berria sartuko da udaletxean eta, beharbada, hausnarketa hau aldez aurretik egiteak zerbaitetarako balio dezake.

Arnasgunea
Euskara bizi-bizirik dauden tokiak dira euskararen arnasguneak: euskaraz bizi daitezkeen herriak. Euskal Herrian badaude horrelako batzuk oraindik, eta horietako bi dira Orio eta Aia; arnasgune horiek sustatzeko bidea jarri nahi du Euskara batzordeak.  Horixe bera izan da jardunaldietara etorriko diren lau hizlariei egin zaien galdera: nola indartu daiteke gure arnasgunea? 

Zabaletak adierazi duenez, ahal den neurrian, bertako jendearekin kontatu nahi izan dute hitzaldi-solasaldiak antolatzeko eta jarraian datorren programa osatu dute: Anjel Lertxundik hasiko ditu jardunaldiak otsailaren 8an. Euskararen beste arnasgune batetik, Leitzatik, datorren David Anaut izango da hilaren 9an. Otsailaren 16an, berriz, Jon Sarasuak hartuko du hitza eta Iñigo Fernandezen txanda izango da hilaren 23an.  Kultur etxean izango dira saio guztiak, 19:00etan hasita.

Praktikara
Lainoetan geratuko den hausnarketa hutsa izan gabe, eguneroko lanerako baliagarriak izan daitezkeen kontu zehatzetara ekarri nahi du eztabaida Euskara batzordeak. Behin bidea zehaztu ondoren, praktikara eraman nahi dute batzordekideek: lehentasunak zehaztu eta indarra non jarri behar den erabaki.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea