Gaztetxearen aldeko mozioa onartu zuen Udalbatzarrak
Ezker Batuko zinegotzi Iñaki Garcia ez zen bilkurara agertu
Atzo, urtarrilaren 26an, Ohiko Udalbatzarra egin zuten Udaleko zinegotziek, 19:00etan, udaletxeko Udalbatzarraren aretoan. Harritzekoa izan zen Ezker Batuko zinegotzia, Iñaki Garcia, ez agertzea, ez baitzuen abisurik pasa eta, deika aritu bazitzaizkion ere, ez zuen telefonorik hartu. Hala ere, bilkura egin zen.
Aurreko bilkuretako aktei onarpena emateaz gain, beste bost puntu zituzten eztabaidatzeko eta, gainera, zerrendaz kanpoko beste bi gai ere erabaki zituzten.
Hasteko, Munton, errioaren ondoan, kirol pistak egiteko proiektua onartu zuten, horrela, espainiar estatuko funtsaren kargura 537.185 euroko diru laguntza eskuratzeko, ahal den gehiena. Padeleko, squasheko eta teniseko pista banak, bateatzeko tunelak eta yoga praktikatzeko gela batek osatzen dute Gestiur SLko Rodrigo Milla eta Mikel Pereda arkitektoek idatzi duten proiektua eta, berez, 813.302 euroko kostua duena. Beraz, bi fasetan egin beharko dituzte lanak, proiektuaren kostuak ezin baitu diru-laguntzaren gehiengoa pasa. Orioko Ezker Abertzale udal taldeko hiru zinegotziak abstenitu egin ziren.
Orioko Herri Ikastolak eraikin berriaren partzelaren gaineko lurrazal eskubidea hipotekatzeko baimena eskatu zion Udalari, lurzoru publikoa lagatzean ezarri zituzten tramiteen arabera, eta gai hori ere jarri zuten zinegotziek mahai gainean. 2.400.000 euro hipotekatzeko baimena eskatzen zuen Ikastolak eta PSOE-EEko zinegotzia izan zen ezezko botoa eman zuen bakarra; beste guztiek alde bozkatu zuten.
Hirugarren puntuan, 2008-2012 epealdirako Orioko Udalaren euskararen erabilera normalizatzeko plana bozkatu zuten eta horretan ere Jesus Rodriguez PSOEko zinegotzia izan zen kontra azaldu zen bakarra. Ez nago euskararen normalizazioaren kontra, baina nik ez dakit euskaraz, eta, gaztelerazko testurik jaso ez dudanez, ez dakit zer bozkatzen ari garen ere, azaldu zuen bere botoa justifikatzeko. Aralarreko Iñaki Iturainek adierazi zion, batzordean Jabier Zabaleta euskara teknikariak egin ziola planaren azalpena gazteleraz.
Gero, herriko lurzoru ez-urbanizagarrian dauden zonaldeen izendapen berriei onarpena eman zitzaien aho batez; beraz, hauek dira izendapen berriak: San Martin aldea, Benta aldea, Txanka aldea, Ortzaika aldea, Botaleku aldea eta Sariako ola aldea.
Orioko Ezker Abertzale udal taldeak, Aralarrek eta EAk gaztetxea aldarrikatuz aurkeztutako mozioari iritsi zitzaion txanda. Mozioa aurkeztu zuten taldeek baiezko botoa eman zuten eta EAJ eta PSOE abstenitu egin ziren, beraz, onartua geratu zen aldarrikapena (mozioa osorik irakurtzeko klikatu hemen).
Bukatzeko, aztergai zerrendatik kanpo sartu zituzten bi puntuak bozkatu zituzten: Lehen onarpena ematea, egoki bada, Orioko Arau Subsidiarioetan 14. eta 20. eremuko –Dike eta Aizperro– kontzertazio hitzarmenari. Etxeak edo pabilioiak egiteko baimenak emateko tramite urbanistiko hutsak dira, azken finean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruaren legeak exijitzen duenaren arabera. Talde guztiak alde, aho batez onartu ziren biak.
Galderen txanda heldu zen gero. Bilkuran zen gazte batek beren jarrera azaltzeko eskatu zien EAJko zinegotziei eta hau izan zen alkatearen erantzuna: Nahiago dugu gazteria plana jorratu eta hor agertzen diren beharrak gauzatu, zuzenean gaztetxea egin beharrean. Hori esanda, beste gazte batek Gazteria Planak 2008an martxan behar zuela gogorarazi zion eta, bi urte geroago, Udala oraindik ez dela hasi herriko gaztei zer nahi duten galdetzen. Gazteriako teknikaria formazioan ari dela izan zen Noemi Ostolaza Gazteria batzordeko zinegotziaren erantzuna.
Gero, emakume batek Eusko Gudari kalean jarritako piboteen inguruan galdetu zuen; izan ere, bere garajearen parean jarri dituzte eta beste batzuetan, ordea, pasaera librea utzi dute. Jesus Rodriguezek esan zion Eusko Gudarik ez duela konponbide errazik eta batzordera gonbidatu zuen bere kasua aztertzeko.
Bukatzeko, Jesus Rodriguez bera gazteleraz hitz egiten ari zelako besteek ere gazteleraz erantzuten ziotela eta, mutil gazte batek haserre hartu zuen hitza. Euskararen normalizaziorako plana onartu ondoren, lotsagarria iruditu zitzaion bilkura gazteleraz bukatzea eta PSOEko zinegotziari euskaraz erantzutea aldarrikatu zuen, bera delakoan euskaraz ikasi behar duena, besteekiko errespetuz.
lotsari ez
Behin jarritakoa ez gero aldatu...
Mezu ezabatua
hauxeokpa !