Giro aparta Gaztetxeak antolatutako Jolas Egunean
40 bat lagun ibili ziren altxorraren bila eta twisterrean
Egun pasa ederra izan zuten jolasean aritu ziren gazteek Orioko gaztetxearen eskutik. Goizean goiz bildu ziren altxorraren bila aritzeko, eta taldeak osatuta lehen proba taldekide guztiak kolore bereko arropaz janztea izan zen. Ondoren abesti bat osatzeko pistak lortu behar zituzten eta hori lotzeko hainbat proba gainditu.
Proben artean, zubitik salto egitea, autobus geltokian kotxe bat geratu eta berau garbitzea eta Zakilaeneko aldapatik Antilla tabernara lau hanketan joan eta ur basokada bat eskatzea zeuden. Barre-algarak ez ziren faltatu goiz osoan eta jokoa bukatzeko, talde bakoitzak tokatu zitzaion abestiaren interpretazioa egin zuen plazan.
Jokoa amaitu eta gero, guztiak Etxeluzera joan ziren bazkaltzera. Entsalada, makarroiek eta txerri saiheskiak osatu zuten menua, postre bezala izozkia izan zutelarik. Eta bazkaltzen ari zirela gertatu zen eguneko bitxikeria. Bartzelonan bizi den artista hirukote bat –frantziar bat, italiar bat eta txiletar bat– gerturatu ziren gaztetxera eta herritarrekin bazkaldu zuten.
Esker ona adierazteko, espektakulua eskaini zuten: akrobaziak eta musika uztartzen zuen inprobisazioko kale-antzerkia. Bertan zirenak aho zabalik geratu ziren egiten zituzten mugimendu askorekin. Amaitzeko, akrobaziekin jarraituz, herriko gazteek twister jokoan jolastu ziren, eta baita gozatu ere.
Aurrera begira horrelako ekimen gehiago antolatzekotan dira Orioko Gaztetxekoak.
