Grebaren eragina sumatu da Aian
Antxon Gomezen epaiketaratzearen aurrean gaitzespen mozioa onartu da Udalbatzan.
Hogeita hamar bat lagun elkartu ziren atzo Aiako plazan LAB sindikatuak deitutako grebarekin bat eginez, eta Antxon Gomez zinegotziari babesa ematearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute bereziki. Gomez EAE alderdiko idazkari nagusia izateari utzi egin zion 2007an, baina joan den astean Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek inputatu egin zuen. Grebaren eragina nabarmena izan zen herrian, Lardizabal eskola itxita baitzegoen, Gomezi babesa adierazteko asmoz. Arreta-Pagoeta taldeko kideek ere greba egin zuten.
Herenegun, Gomezen epaiketaratzearen aurrean gaitzespen mozioa onartu zuten bi alderdiko zinegotzien adostasunarekin.
Bestalde, eskualdeko ezker abertzaleko zinegotziek deialdia egin dute larunbatean Aian egingo den kontzentrazioan parte hartzeko eguerdiko 12.30ean.
Bi alderdiek onartutakoa:
Udal honek, Alderdi politikoak legez kanpo uzteko prozesu berri honen eta Udal
honetako zinegotzi den Antxon Gomezen auziperatzearen aurrean gaitzespenik
sendoena adierazten du eta honakoa berresten du:
1. Indar eta adierazpen politiko orok dute, baldintza berdinetan, Euskal
Herriko erakunde guztietako bizitza politiko eta sozialean parte hartzeko
eskubidea, bakoitzak hiritargoak eskaintzen dion ordezkaritzaren
arabera.
2. Organizazio politikoen aurkako ilegalizazio prozesuek, askatasun
ideologikoa, adierazpen askatasuna, elkarte askatasuna eta hiritarren
partehartzea bezalako funtsezko eskubide eta askatasunei zuzenzuzenean
eragiten die. Gure herriko elkarbizitzari zuzenean eragiten dio,
berau zapuztu eta normalizazio politikotik urruntzen gaitu.
3. Gure herrian bizi dugun gatazka politikoari eta baketzeari irtenbidea
bilatzeko bideak, giza eskubide ororen benetako defentsa
konprometituan eta herri honek, nazio gisa, bere etorkizuna libre eta
demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen errespetuan ditu
oinarriak.
4. Udal honetako zinegotzi eta herritarra den Antxon Gomezi eta bere
familiari gure elkartasuna adierazi, Aiako herriaren konpromezu garbia
zabalduz giza eta zibil eskubide guztien defentsan, era guztietako
indarkeriak baztertuz.
5. Euskal Herriko alderdi politiko eta gizarte eragile guztiei eskaera bat
gauzatu: behingoz, euskal gizartearen nahia dena, hau da, bakea eta
normalizazio politikoa, lortzeko indar guztiak bateratu ditzagula eta
elkarlanari ekitea.