Hitzarmena sinatu dute Hitzak eta Udalak
100 oriotarrek Hitza doan jasoko dute sei hilabetez
Orioko Udalak eta Urola kostako Hitza egunkariak hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian. 13:00etan Udalean bildu dira Iñaki Iturain zinegotzia eta Hitzako ordezkari Uxua Ostolaza eta Amaia Mendizabal, hitzarmena sinatzeko. Akordio honen bidez, Udalak Hitzaren harpidetzak sustatuko ditu herritarren artean. Horrela, harpidetza egitea erabakitzen duten lehen 100 oriotarrek doan jasoko dute sei hilabetean. Horretarako, 902 82 02 01 telefonora deitu besterik ez dute.
Iñaki Iturainek adierazi duenez Hitzak Udalari proposamena egin zion euskaraz irakurtzen duten herritarren kopurua handitzeko: 5000 euroko laguntza jasoko du egunkariak 2008an eta 100 oriotarrek Hitza doan jaso ahal izango dute, 6 hilabetez. Iturainek herritarrei dei egin die izena ematera animatu daitezen, haien onerako izango baita.
Amaia Mendizabalek, bere aldetik, Oriokoa, abian den kanpaina honetako hitzarmena sinatzen duen lehen udala dela aipatu du.