Hobera egin du larunbatean istripua izan zuen haurrak
Aiako Igoera bukatutakoan, turismo batek jota kolpe gogorra jaso zuen
I.L. 10 urteko aiarrak kolpe gogorra jaso zuen larunbatean, maiatzaren 28an, iluntzeko 20:00 aldera bere etxe ondoan, Miranda baserriaren aldamenean alegia. Bizikletan zihoala, auto batek, abiadura moteltzeko koska pasa ondoren, jo egin zuen eta horren ondorioz kolpe gogorra jaso buruan.
Horren ondorioz, larunbat gauean, etxekoek mutila ospitalera eraman zuten badaezpada ere eta han kontzentrazioa eta oreka galtzen hasi zen. Hori ikusita, medikuek zaintza berezietako unitatera eraman zuten eta 3 orduko interbentzioa egin zioten, buruan odolbildu handiak zituelako.
Haiek kendu eta bi egun eman zituen zaintza berezietako gelan. Orain gela normalean dago eta gorputz guztia aztertzen jarraitzen dute, orain hasi baita umea oinaze guztiak sentitzen.
Familiakoek esan digutenez, eskapada ederra izan da. Ospitalera ez baginen joan, umeak lo hartu eta betirako joango zitzaigun. Kolpea eman zion kotxeko gidaria ongi portatu zela esan dute familiakoek. Istripua izan ostean egin beharreko pausu guztiak modu onez bete zituen-eta.
Istripua gertatu zen errepidea ikusteko, klikatu hemen.