Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iñigo Arruti, Txabola, arraunlariarekin elkarrizketa
Dokumentu Akzioak

Iñigo Arruti, Txabola, arraunlariarekin elkarrizketa

2009/07/10

Manu Etxeberria oriotarrak elkarrizketa egin dio Iñigo Arruti Txabola arraunlariari, Karkararen izenean, eta, paperezko aldizkaria irailera arte argitaratuko ez denez, karkara.com honetan zabalduko dugu lau haizetara

Aurrena Iñigo Arrutiri elkarrizketa  doa eta, segidan, berari buruzko hainbat datu aipagarri; biak Manu Etxeberriak eginak.


Iñigo Arruti, Txabola: Aurten gazte indartsuak ditugu, eta lehian ibiltzeko moduan izango gara.


Iazko denboraldiko bospasei estropalari garrantzitsu baja dira aurtengo txalupan. Halere, Iñigo Arruti, Txabola, beteranoaren ustetan, lehian ibiltzeko moduko mutil taldea du gure Mirotzak. Urte askoan arraunketa utzita izan ondoren, Txabola indarrean itzuli da taldera; eta baita saioan etorri ere, oro har koadrilan iaz baino batio gehiago dagoen arren, proba fisikoetan berak ere lehen traineruan postua lortu baitu. Aurten alde egindako beteranoen papera betetzeko asmoa ere badu. Denboraldia oso interesgarria izango dela dio; iazko Castro, Urdaibai, San Pedro… eta Kaikuk ere Kontxan eta txapelketetan aukera izango duela.

Karkara
– Nola geratu zaigu aurtengo traineruko koadrila?

Iñigo Arruti, Txabola – Urte askoan gurean ibilitako izen handi batzuk faltako dira: Ibon Etxeberria, Ibon Gaztañazpi, Albizu zarauztarra, Agustin Erretzabal Arostegi, Endika,.. Arraunlari hauek utzitako hutsunea betetzeko, ordea, badaukagu atzetik datorren gazte talde indartsua: Iñigo Erretzabal (22 urtekoa), Josu Indo (22), Aitor Olaskoaga (22), Unai Etxeberria (20), Urko Redondo (23) gure gazte-beteranoa… Taldean aurten hasiak, berriz, Ondarruko ia bi metro luze den mutil bikaina: Alain Kolunga. Oier Aizpurua zumaiarra, piraguista izan zena, oso indartsua da, baina ikasten ari da.

Karkara
– Gazteen eta beteranoen elkarketa ondo aterako al da?

Iñigo Arruti, Txabola – Bai. Badira urte batzuk gazte hauek traineruan ari direla, eta balio duten gazteak dira. Oso mutil indartsuak ditugu, eta, hauekin batera oraindik sasoian  gabiltzan beterano batzuk ere bagara: Asier Colina, Gorka Etxeberria, Manuel Lasarte… eta, horietaz aparte, jarraitzen dute gurekin, esate baterako, Balenziaga, Larrea, Peña eta Etxebeste bezalako balio handiko estropalariak.

Karkara
– Agustin Erretzabalen errelebu beteranoa al zara?

Iñigo Arruti, Txabola – Egia esan, talde gaztea daukagu eta beterano batzuk egotea tartean ona da. Agustin Erretzabalek paper garrantzitsua betetzen zuen iaz traineruan, arraunlarien artean giro ona jartzen, gazteei erakusten eta abar, eta, noski, nik ahal dudana egingo dut kontu horretan.

Karkara
– Eta, Ligan, nola ibiliko da gure Mirotza?

Iñigo Arruti, Txabola – Helburua Kontxa irabaztea izango da, jakina, baina Ligarako ere itxaropena badugu. Gazteek koska bat igo dute; iaz tarteka sartzen ziren txalupan, atseden hartzen eta abar. Aurten titular ditugu, eta nik uste dut mesederako izango dela, errelebua gauzatzeko; erabat jartzen direnean, taldeak asko irabaziko du, zalantzarik gabe. Indarra, izan ere, gehiago dago iaz baino, eta hori aprobetxatu behar dugu.

Karkara – Eta ze traineru izango dira aurkari gogorrenak?

Iñigo Arruti, Txabola – Castro eta Urdaibai izango dira indartsuenak; aldaketa gutxi dituzte tostetan, eta talde sendoak dira. San Pedro ere hor ibiliko da, lehian, azken urteetan onenekin ibili dira eta aurten ere halaxe izango da. Kaikuk fitxajeak egin ditu, baina arraunlari propio gehiegi ez du, eta Kontxan eta txapelketetan hor ibiliko da.

Karkara – Eta B trainerua?

Iñigo Arruti, Txabola – Dezenteko borroka izango da ARC ligan ere. Ondo ibiliko dira, bada, Astillero, noski, Koxtape, Santurtzi… gureak, Camargo, Isuntza eta abarrekin lehian ibiliko direla uste dut. Garbi daukagu zein den gure traineru honen helburua, eta hori harrobia sortzea da. Iazko B traineruko bi arraunlari gora, A-ra, igo dira, horixe baita urtero jartzen dugu helburua. Katea ondo doa, dinamika hori ondo engrasatuta dagoela uste dugu.

 

Iñigo Arruti ,Txabola.Iñigo Arruti, Txabola, 40 urte, eta gazteen eredu.

Iñigo Arruti, Txabola, pertsona jatorra izateaz gain, Oriok izan duen arraunlari onenetakoa da, eta orain, berrogei urte beteta dituenean, lehen taldean sartu izana duen balioaren erakusgarri da. Ia bizitza erdia baino gehiago arraunean jardunda, 2001ean utzi zion arraunketari, laneko kontuak tarteko, eta klubean gazteak, kadeteak, entrenatzen aritu zen. Ordura arte, Kontxako Bandera irabazita, zortzikoan Espainiako txapelketa, Euskadiko Selekzioan aritua… 1990eko hamarkadan Orioren garaipen aipagarrienetan partaide garrantzitsua izan zen. Estriborreko hankak gidari ezin hobea izan zuen urte haietan, eta, orain, tosta batean edo bestean, gazteentzako eredu paregabea izango da Txabola, beterano ospetsua.

Aurten Txabolaren asmoa gazteekin lanean hastea zen, nolabait ere Patxi Francesen lekua betetzeko. Gazteekin entrenatzen hasita, ordea, probetan lortu zuen emaitzak gehienen harridura piztu zuen, eta lehen trainerurako bidea ireki zitzaion. Emaitza hau, ordea, ez da berarentzat hainbesteko ustekabea izan. Profesionalki suhiltzaile izanda, gorputzaldi ona izaten jarraitu du, eta, nahiz eta adinean aurrera egin, onenen artean aritzeko txartela eskuratu du, merezimendu osoz. Iñigok berak dioenez, arrauneko entrenamenduei utzita igarotako urte hauetan, izan direla, izan, aldaketak. Esate baterako, ergometroko saioak, askoz ere gehiago egiten omen dituzte orain. Baina, bistan da aldaketa hauek ez direla oztopo izan Iñigorentzat, eta aurtengo udan Kantauriko estropada eremutan borrokan arituko da Iñigo Txabola, onenen artean.                 

Manu Etxeberria

 

 

kantera

andoni campos — 2009/07/11 14:04
Dudarik gabe, orioko arraun taldeak duen gauzarik hoberena kanterarekin egiten duen lana da. Talde bakarrenetarikoa da gazteak bere etxean landu eta aurrera ateratzen dituena, ta nik uste, alde batetik eskertzekoa dela hori; eta beste aldetik, txalogarria! Gazte guztion ikusmira puntuan jarrita ditugu Iñigo Mujika, Aitor Olaskoaga... eta beste hainbat gazte; egunen batean gu ere horien tostetan estropadak jokatzen egongo garen ustearekin. Eta Orioko Arraunketa taldeari esker, zenbaiti amets hori erreal bihurtuko zaigu. horregatik: ESKERRIKASKO!

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea