Hemen zaude: Hasiera Albisteak Istripu ikaragarria izan da asteburuan A-8an, Oriotik gertu
Dokumentu Akzioak

Istripu ikaragarria izan da asteburuan A-8an, Oriotik gertu

2010/04/19

Lau hildako eta zauritu bat utzi ditu ezbeharrak

Larunbatean, apirilaren 17an, lau hildako eta zauritu bat utzi dituen istripu larria izan zen Donostia eta Bilbo lotzen dituen A-8 autopistan, Usurbileko lurretan. Goizaldeko 03:05ak aldera, Mercedes Benz E55 autoa errepidetik irten zen eta autopista mugatzen duen pareta jo ondoren, Orioko eta Aiako irteera kilometro batera dagoela adierazten duen seinalea jo zuten, parez pare. Hartutako kolpearen ondorioz, autoan zihoazen lau lagunak –Xabier Uranga, Juan Jose Urretabizkaia, Mikel Eizagirre eta Josu Aizarnazabal Zipri– bertan hil ziren, Osasun Zerbitzuak eta Ertzaintza iritsi aurretik. Zarautzen bizi ziren Uranga, Urretabizkaia eta Eizagirre, eta Orion, Aizarnazabal. 36 eta 42 urte bitartean zituzten laurek eta komunikabide batzuetan agertu denez, afari batetik bueltan zetozen etxera. Orion ere ezagunak ziren, besteak beste, lagunartea ere bazutelako gurean.

Herrizaingo Sailak emandako datuen arabera, errepidean zabalduta geratu ziren ibilgailuan zihoazenen gorpuak eta Mercedesaren zatiak –istripua izan zuten lekutik ia 100 metrora ere azaldu ziren autoaren zatiak–. Ondorioz, atzetik zetorren Renault Clio autoak ezin izan zituen arrastoak saihestu eta bazterra jo zuen hark ere. 21 urteko gidaria Donostiako ospitalera eraman zuten, zaurituta.

Ertzaintza istripua ikertzen ari da eta herritarren laguntza eskatu du han gertatutakoa argitze aldera. Eraginkorra izan daitekeen daturen bat duenari Gipuzkoako Trafikoko Unitateko 943 53 91 19 telefono zenbakira deitzeko eskatu dio poliziak.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea