Iturbide kaleko galtzada konpontzeko lanak hastear daude
Urtarrilaren 21ean hasita, hilabete iraungo dute lanek eta kalea itxita izango da
Urtarrilaren 21ean hasiko dira Iturbide kaleko galtzada konpontzeko lanak.Portuko obren ondorioz, ibilgailu ugari ibili da azken hilabeteetan eta galtzadan kalteak eragin ditu horrek.
Construcciones Donosti eta Urbanizaciones Iruña (Codosa) enpresek egingo dituzte konpontze lanak eta urtarrilaren 21etik aurrera kalea itxita egongo dela adierazi dute.
Bi zatitan egingo du obra Codosak. Iturbide 1 eta 4 zenbakien arteko tarteko lanekin hasiko da. Bi astetan zehar, Iturbide 6-19, Nagusia, Oa, Antxiola eta Urdaire kaleetako bizilagunek Txankako bidea erabili beharko dute etxera autoz hurbiltzeko. Hala ere, ateratzeko Antxiola kalea erabiltzeko aukera izango dute.
Lan horiek amaitzean, Iturbide 4tik Kale Nagusiko bidegurutzerainoko tartea konpontzen hasiko dira. Beste bi aste iraungo dute lan horiek. Iturbide 4tik behera bizi direnek autoz bertaratu ahal izango dute; Goiko Kaleko beste bizilagunek, ordea, Txankako bidea erabiltzen jarraitu beharko dute.
obrak