Jende gutxi arrantzaren gaineko mahainguruan
10 lagun besterik ez ziren agertu kultur etxeko areto nagusira
Arrantza sektoreak bizi duen egoera zaila zuen ardatz atzoko mahainguruak. Lab sindikatuko kide Leo Belaustegi ondarrutarrak eta Kofradiako lehendakari Xanti Peirok beren ikuspuntua azaldu zieten entzuleei. Moderatzaile lanetan, berriz, Ibai Esoain aritu zen. Ordu eta erdi pasatxo iraun zuen mahainguruak. Bertan, arrantzaren krisiaren zergatiak aztertu zituzten alde biek eta norberak bere proposamenak agertu arazoari irtenbidea emateko. Belaustegik, esaterako, prozesu guztia, harrapatzen den momentutik saltzen den arte, arrantzaleen esku jarri behar dela aipatu zuen etorkizunean baporeak egongo badira. Horretarako, beharrezko jo zuen Kofradiek egun dutena baino pisu handiagoa izatea. Peirok, bere aldetik, teoria zoragarria dela erantzun zion baina gaineratu zuen armadoreek bi urte daramatela gaiari nondik heldu asmatu nahian, eta lortu gabe. Alor ekonomikoaz gain, arrantza zientifikoaz eta instituzioen jokabideaz ere aritu ziren, besteak beste.