Jubenil mailako Espainiako Sofbol Txapelketa Orion
Jokalariak, gurasoak, lagunak eta familiakoak gonbidatzeaz gain herritarrak ere partidak ikustera animatzea nahi dute Eguzki-OBB taldekoek
Astebukaera honetan, larunbatean, uztailak 4, eta igandean, uztailak 5, Orion Jubenil mailako Espainiako Sofbol Txapelketa jokatuko da, zelai osoa egokituko da, aldi berean bi partida batera jokatu ahal izateko. Aurten taberna bat jarriko dute eta bertan, besteak beste, edariak, ogitartekoak eta fruta salduko dituzte. Eguzki Bate Bizkorrak Taldeak antolatu du txapelketa hau eta ez da antolatzen duten lehenengo aldia, 2006an ere egin baitzuen, baina orduan, ez zuten futbol zelaian jokatu eta ez zuten aldagelarik. Euskal Herritik eta Espainiatik etorriko diren zazpi taldek hartuko dute parte. Espainiako Sofbol Federazioak herriko Eguzki-OBB taldeari txapelketa Orion egitea proposatu zion, antolaketak lan eta diru askoko kostea zuelako eta federazioak antolatutako lehiaketara inork ez zuelako proposamenik aurkeztu. Oriotarrek eskaerari baiezkoa emateko erabakia hartu zuten. Taldeko ordezkari Elena Etxerriak honakoa adierazi du: "Jokalariak, gurasoak, lagunak eta familiakoak bilduko dira, baina gustatuko litzaiguke jende gehiago ere hurbiltzea".
Txapelketara hurbiltzen direnek, sofbol partidak ikusteaz gain, Eguzki-OBB taldeak antolatu duen argazki txapelketan parte har dezakete eta aurkezten direnen artean argazkirik onena sarituko dute.