Hemen zaude: Hasiera Albisteak Karkarak kanpaina abiatu du, laguntzaile berriak lortzeko
Dokumentu Akzioak

Karkarak kanpaina abiatu du, laguntzaile berriak lortzeko

2012/03/12

Egoera ekonomiko txarrari aurre egiteko, finantzazio bide berriak bilatzeko premia du Karkarak. Bi udalekin hitzarmenak lotu nahi ditu, publizitate-bide osagarriak landu eta laguntzaile gehiago lortu.

Aldizkariaren zenbaki honetan bertan abiatu du Karkarak laguntzaileak lortzeko kanpaina. Karkarak behar zaitu leloa erabiliko du, hemen ondoan ikusten den irudiarekin lagunduta.

Kanpainarako irudia Julian Toquero diseinatzaile lasartearrak egin du, bere ohiko estilo naif eta sinpatikoan.


Diru-kontuak berdindu ezinik

Karkara Taldearen urteko aurrekontua 78.843 eurokoa izan zen iaz. Horrekin ordaindu ziren aldizkariaren urteko 19 zenbakien inprentako gastuak –3.100 ale zenbakiko–, webgunea, banaketa gastuak eta bi langileren soldatak, besteak beste.

Diru-sarrera nagusiak hiru ditu aldizkariak: administrazioaren diru-laguntza –bi udalak, Jaurlaritza eta Aldundia–, publizitatea eta bi herrietako laguntzaileek ematen dutena.

Orioko Udalak 13.400 euro eman zizkion 2011n eta Aiakoak, berriz, 6.354. Jaurlaritzaren eskutik 11.378 euro jaso zituen eta Aldundiarenetik, berriz, 6.621. Laguntza publikoetan, hortaz, 37.753 euro jaso zituen iaz Karkarak; aurrekontu osoaren erdia baino gutxixeago, hortaz.
Publizitateari dagozkion diru-sarrerak 30.600 eurokoak izan ziren 2011n.

Azkenik, laguntzaileen bidez –aldizkaria kaleratzeko borondatezko diru-laguntza ematen dutenak dira laguntzaileak–, 10.000 euro inguru jasotzen ditu  Karkarak. Laguntzaile bakoitzak 35 euro jartzen ditu urtero eta ia 300 laguntzaile  ditu elkarteak.

Krisia dela-eta, aurtengo aurreikuspenak ez dira onak Karkararentzat ere: nahiz udaletatik datozkion diruak gehituko diren, Jaurlaritzarenak eta Aldundiarenak jaitsi egingo dira eta, nabarmena denez, publizitatearenak ere bai.

Gauzak horrela, bide bat geratzen zaio Karkarari, kontuak berdindu ahal izateko eta estuasunetik libratzeko: laguntzaile berriak sortzea, ahalik eta gehien.


Bide horri helduko dio Karkarak datozen hilabeteotan eta horretarako abiatu du Karkarak behar zaitu kanpaina. Aldizkaria egiten dutenen helburua da 500 laguntzaile izatera iristea. Horretarako, aldizkariarekin orrialde batzuk banatu dira laguntzaileak lortzeko. Horrez gain, Kultur Etxean, kiroldegian eta anbulatorioan ere egongo dira laguntzaile izateko orrialdeak. Baita webgune honetako atariko orrialdeko eskuineko zutabean ere. Karkarak behar zaitu kanpainaren berri ematen duen bannerraren azpian dago orrialdea lortzeko esteka. Horiek bete eta Kultur Etxera eramatearekin nahikoa izango da. Karkararen e-postara datuekin mezu bat bidalita ere egin daiteke laguntzaile.

Garai txarrak euskarazko prentsarako

Karkararen kontu honekin hasi ginenean, orain dela hogeitik gora urte, garbi geneukan oso inportantea zela gertuko euskarazko prentsa, normalizazio-bidean aurrera egingo bagenuen. Orduan bezain egokia eta premiazkoa da gaur egun ere eta, itxura denez, orduan bezain zaila ere bai.

Ez gara espantuka hasiko; garai txarrak ezagutu ditugu lehen ere eta, inbento honek segituko badu, etorriko zaizkio atzetik beste batzuk. Herritarren bultzadaz asmatu genuen aurreko krisi garaietatik ateratzen eta asmatuko dugu oraingoan ere –asmatuko ahal dugu!– bidezidorrean aurrera.

Garbi dago, nolanahi ere, bide hori egiteko, ezinbestekoa izango zaigula zuen laguntza. Karkarak Aian eta Orion garrantzia baduela uste duzuen guztiona. Euskaraz bizitzeko aukera garbia egin duzuen guztiona.

Laguntza eskean gatoz, bai, eta ez da gustagarri horrela ibili behar izatea; baina derrigorra iruditu zaigu. Orain dela hogeita hiru urte sortutako proiektua errealitate sendo bihurtu den honetan, segida behar duela uste dugulako.

Guk hauxe daukagu eskaintzeko: gure lana eta guztiok ezagutzen duzuen produktua. Benetan iruditzen bazaizue merezi duela hasitako lanarekin segitzea, oraintxe duzue aukera, Karkarak behar zaituzte-eta.

300 laguntzaile ditugu gaur egun eta ez naiz gauza hitzetan egoki adierazteko zenbateko zorra dugun haiekin. Gure oinarria eta arnasa izan zarete; baina, hara! Gehiago nahi ditugu!

500 laguntzaile izatera iritsiko gara, ezta?

Ana G. de Txabarri
Karkararen Zuzendaria

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

Karkarak kanpaina abiatu du, laguntzaile berriak lortzeko

Orrialdea bete eta Kultur Etxera eraman behar da Karkara laguntzeko.