Kultura Aniztasunaren lehen jaia larunbatean
Gaur, 19:00etan, Orion bizi diren atzerritarrekin mahai inguru zabala egingo da udaletxeko Udalbatzarraren aretoan
Ekaina bukaera jaiez beteta datorkigu, izan ere, sanpedroen aurretik, Kultur Aniztasunaren lehen jaia ospatuko da Orion, ekainaren 18an, 20an eta 21ean, Udaleko Euskara Batzordearen, Urola Kostako YAAKAR senegaldarren elkartearen eta hainbat herritarren artean antolatuta.
Afrikarrak, hego amerikarrak, europar bat edo beste… Orio ijitoen herria dela esaten da eta urteetan aurrera bertan finkatu diren beste kulturak bildu eta ezagutzera ematea da jai horren helburua, bide batez, batak bestearengandik ikasteko aukerarik galdu gabe.
Egitaraua
Ekainaren 18an, ostegunarekin hasiko da kulturen arteko jai berria. 19:00etan, udaletxeko Udalbatzarraren aretoan, Orion bizi diren atzerritarrekin mahai inguru zabala egingo da. Iker Gurrutxagak egingo ditu moderatzaile lanak, eta kanpotik etorritakoek nola ikusten gaituzten eta gure artean nolako trabak topatu dituzten jakiteko aukera ezin hobea izango da.
Larunbatean, hilaren 20an, izango da egun handia. Tolosako Udalaren karpekin, 11:00etatik 22:00etara, bost gune sortuko dira plazan: senegaldarrena, Brasil eta Txileren artean jarritakoa, Ekuadorkoa, marokoarra eta Kuba, Nikaragua eta Portugalen arteko lankidetzaz sortutakoa. Horiez gain, Goiko Kaleko festa batzordekoek garagardoa eta sagardoa eskainiko dute plazan bertan jarriko duten tabernan. Erabiliko diren edalontziak eta platerak berrerabilgarriak izango dira, hondakinak ahalik eta gehien murrizte aldera.
Ez dira, ordea, erakustoki horiek izango festarako aitzakia bakarra, egun osoan animazioak ere izango baitira hantxe plazan: 12:30ean, Capoeira erakustaldia egingo da; 18:30ean, Senegalgo erritmoak entzuteko aukera perkusio emanaldiarekin; 18:45ean, Nikaraguako dantzak izango dira ikusgai; 19:00etan, Vivencias talde otabaldarrak emanaldia eskainiko du; 20:00etan, Harribil dantza taldearen erakustaldia eta Errikotxiaren bertso saioa izango dira, Jon Sarasuaren dezimekin bukatuta; eta, 20:45ean, Kubatá taldea.
Igandea lagun arteko harremanak bultzatzeko eguna izango da. 11:00etan, Orioko nahiz kanpoko nesken arteko futbol partida jokatuko da eta, 12:00etan, Orioko gizonezko beteranoen eta etorri berrien artekoa. Jaiari amaiera emateko, 14:00etan, lagun arteko bazkaria egingo da kiroldegiko tabernan.