Kutxako bulego berria estreinatu dute gaur
Kanua jatetxe ondoan dute bulegoa
Gaur ireki dute Gipuzkoako Kutxak Aian duen bulego berria, Kanua jatetxe ondoan. Urte asko eta askotan plazakoa izan da Kutxak Udalari alokatuta zion lokala, baina, kontratua 2010ean bukatuko zitzaiela ikusita, lokal berria erosi zuten 2006an, eta gaur estreinatu dute.
Lan egiteko eta jendea hartzeko leku gehiago dute orain, eta zerbitzua emateko tresna gehiago ere jarri dituzte sarreran. Tomas Udabe Kutxako langileak eman digu horren berri. Atarian, hiru makina ditugu, dirua ateratzeko, libreta eguneratzeko, eta abar, baina baita ere Interneten egin daitezkeen eragiketa eta kontsulta guztiak egiteko. Patioa goizeko 6.30etik iluntzeko 10.00etara irekita egongo da. Gero, pertsiana jaitsiko da eta kanpoko kaxa makina bakarrik geldituko da martxan. Nik, berriz, goizeko 11k bitartean ordua hartu duten bezeroak artatuko ditut, nahi duten gaia lantzeko, eta 11etatik aurrera banketxeko betiko zerbitzua emango dut ordu biak arte.
Aia handitzen ari dela kontuan hartuta, leku egokia aurkitu dutela dio Udabek. Hala ere ez dute langile gehiago jarriko, egin behar den lana aldatzen doalako esan du: Batetik, etxe berrietan kanpotik etorritako jende asko ez dago oraindik; gehienak dira herrian lehen ere bizi zirenak. Bestetik, nahiz eta oraindik aurrez aurreko lan asko egin, batez ere adin batetik aurrerako bezeroekin, gazteagoek, teknologia erabiltzen dute diru mugimenduak eta kontsultak egiteko eta informazioa hartzeko, eta horretarako ez dute nire beharrik.
Bulegoak lehengo telefonoko zenbakia duela eta beste ezer ez dela aldatu azpimarratu du Udabek.