"Neguan oso ondo ibili gara eta hasiera honetan antzematen da"–Joxean Olaskoaga "Aizperro"
Elkarrizketa mamitsua egin dio Manu Etxeberriak Joxean Olaskoagari
Arraun denboraldia bete-betean dela, www.arraunikasi.com web gunea kudeatzearekin nahikoa ez eta tosta, traineru, arraunlari… hizpide hartuta, elkarrizketa egin dio Manu Etxeberriak Joxean Olaskoaga Aizperrori, Karkararentzako:
Udara aurrera, Ligaren erdi aldera bidean, une egokia izan liteke lehenbiziko irudipen eta ondorioak ateratzeko. Horretarako aproposa dugu Joxean Olaskoaga, Aizperro, entrenatzaileari hitz batzuk eskatzeko. Egia esan, inork ere ez zuen espero horrelako hasiera traineru denboraldi honetan, nahiz eta oso negu ona egin dugun dira Aizperroren lehenbiziko hitzak, mintzaldi luze eta mamitsu honetan.
Manu Etxeberria: Denboraldi honen atarian, izan ere, aurkariak bereziki indartsuak zetozela zirudien...
Joxean Olaskoaga, Aizperro: Neguan oso entrenamendu onak egin ditugu, bereziki traineruan, baina, egia da hain ondo ibiltzea ez genuela inork espero. Entrenamendutan ontzia ondo zihoan, hori bai. Hasiera ona egin dugu, eta orain hori aprobetxatu beharra dago.
M.E: Zalantzarik gabe, Ligan erregularrenak izan zarete zuek…
J.O: Lehenbiziko estropadetatik ibili gara fin, gure aldetik gora-beheraren bat, eta bestetik, kaleak, korronteak eta abarrak izan dira batzuetan zailtasunak jarri dizkigutenak. Dena dela, oro har, oso gustura gabiltza, eta ondorioz aurrerantzean gogotsu ibiltzeko moduan gaude.
M.E: Estropada batzuetan kale egin duzue, ezta?
J.O: Galizian ez ginen hain fin ibili, erritmo egokia hartu ezinik ibili ginen, galduta, noraezean. Pasaiako estropadetan oso ondo aritu gara. Larunbatean ere oso estropada ona egin genuen, nahiz eta ez irabazi.
M.E: Aurten, itxuraz, Liga irabazteko aukera badago…
J.O: Baietz esan beharko. Ez da erraza izango, baina, bai, saiatuko gara. Urdaibai, Castro, Pedreña… aurkari gogorrak dira.
M.E: Kontxarako, Kaikuk taldea osorik duela, zailagoa, ezta?
J.O: Kaiku, noski, beste bat da txapelketatan eta mugarik ez dagoen estropadetan. Euskadiko Txapelketan ikusiko da ze aldea dagoen gure artean. Urdaibairi hamar segundo atera zizkion Bizkaikoan. Gu beste txandan aterako gara, baina gure estropada egiten saiatuko gara.
M.E: Abuztuan sartzera goazela, Zarauzko Ikurrina izango da zuen hurrengo erronka handia, ezta?
J.O: Estropadarik politenetakoa da denontzat, dudarik ez. Niretzat, ordea, entrenatzailea naizen aldetik, ez dugu prestatuko bereziki, beste asteburu bat gehiago izango baita.
M.E: Esan al daiteke oraintxe bertan, dagoeneko, gazteak direla txaluparen oinarria?
J.O: Bai, orain ere gazteak dira txalupari indarra ematen diotenak. Aurreko urteetan B traineruan eta gurekin ibilitakoak momentu honetan zailduta daudela esan daiteke. Negu oso ona egin dugu, eta denboraldian zehar egindako probetan ikusi da oso indartsu dabiltzala gazteak ere, eta emaitzak hobetu egin dituztela; eta oraindik ere hobetzeko tartea izango dute, izan ere. Oso garrantzizkoa izan da, baita ere, uretan gehiago ibili garela, traineruan; hori erabakigarria da.
M.E: Neurritan, ontzian, aldaketa nabarmenik egin al duzue?
J.O: Antzera ibili gara kontu horretan ere, aldaketa handirik gabe; gogorrago edo bigunago jarri besterik ez.
M.E: Zer esango zenuke dela koadrilaren gauzarik garrantzizkoena?
J.O: Gure arteko anbientea. Anaiak bezala gabiltza; oso ondo konpontzen gara, bat ere problemarik gabe. Jende umila eta langilea da. Nik izan dudan koadrilarik jatorrena.
M.E: Eta kluba beraren gauzarik hoberena?
J.O: Mentalitatea, urteen poderioz, aldatu egin da. Herrian ere bigarren ailegatzea ez da orain galtzea bezala hartzen, denok baitakigu zaila dela hor aurrean ibiltzea, eta bigarren postua ontzat hartzen da orain.
M.E: Mobileko txapelketak goizago, maiatzean, bukatu izana probetxugarri izan zaizue?
J.O: Hori baino gehiago izan da jendea, mobilekoak egon gabe ere, traineruan ibili dela. Gazteak, Btik pasatakoak, bereziki ondo jarri dira. Noski, mobila lehenago bukatuta, taldea osorik lehenago egokitzen da.
M.E: Baina, arrauna dagoen bezala, dirua hona eta hara, irauterik ba al du gurea bezalako klub batek?
J.O: Horrek denak klubaren politikari ez dio kalterik egiten. Guk badakigu zertan gabiltzan. Arraunlariek, ondo badabiltza, kanpoko eskaintzak izango dituztela?, ba bai, badakigu hori.
M.E: Orion arraun egiteak ba al dauka gaur egun ere lehen zuen xarma hura?
J.O: Beti izan du Oriok izena, ospea, eta arraunlari askok nahi izan dute hemen ibili. Orain gauzak aldatu egin dira, dirua dela-eta, baina, nik esango nuke oraindik ere Orion aritzea badela erakargarria estropalarientzat.
Aizperroren curriculuma
1994an, duela 16 urte, Orion arraunean hasi zenetik, ibilbide ikusgarria lortu du Aizperrok Kantauriko estropada eremuetan. Etxekoekin 1996, 1997 eta 1998an Kontxan gailendu ostean, Bermeoko Urdaibai taldean erakutsi zituen hemen ikasitakoak, eta 2004an traineruen liga irabazi zuen. Hurrengo urtean, Hondarribiako tostetan bere laugarren Kontxa eskuratu, eta, berriro etxean, 2007ko ekitaldi gogoangarrian, bosgarrena. Aurtengoan, itxuraz lehenengo Liga irabazteko hautagai nagusia izango dira Aizperroren mutilak, eta baita oraindik etxeratu gabeko titulu baliotsua eskuratzeko ere.