Nekane Gonzalezen euskal arrazako kapoia txapeldun
2006an eta 2007an aurrena izan da marradun kapoiekin
Euskal arrazako kapoia atalean lehenengo saia eraman zuen Nekane Gonzalezek Santa Luzia egunean egin zen azokan Zumarragan. Marradun kapoiak ditu Nekanek Ibarrolabeko baserrian, eta azken urteetan sari asko irabazi ditu hegaztiekin; iaz ere, aurrenekoa izan zen Zumarragan.
2005ean hegaztien gripe zela-eta, ez zegoen hegaztirik azokara eramaterik. Hurrengo urtean, berriz, jendeak normalean baino gutxiago ekarri zituen azokara, Nekaneren ustez egiten den jarraipena moztuta gelditu zelako. Aurten, ordea, oilasko klase asko izan dira, euskal arrazako lehiaketan, batez ere.
Oilasko mota asko daude, eta kapoi diferenteekin egin ditu probak Nekanek, baina koipe asko izaten dutela esan digu. Marradunek, berriz, askoz ere koipe gutxiago izaten dute eta oso zapore onekoak omen dira. Fraisoron hartzen ditu txitak edota etxean bertan inkubatu,eta 6 hilabetera jateko prest egoten dira.

Zumarragako azoka