Obrak Iturbide kalean
Bi zatitan egingo dituzte. Lehenengoa gaur bukatuko dute
Iturbide kalean azken hilabeteetan izandako ezohiko ibilgailu trafikoak kalte dezente eragin du galtzadan. Moilako obrak zirela eta, handik bideratu zuten trafikoaren zati handi bat eta eragina begi bistakoa izan da. Hori dela eta, portuko lanak egin dituen enpresari galtzada konpontzeko agindua eman diola adierazi du Udalak prentsa ohar baten bidez.
Aipatutako hobekuntzak bi zatitan egingo dituzte. Lehenengoa gaur emango dute bukatutzat, Iturbide kaleko 4. zenbakitik Kale Nagusiko bidegurutzerainoko tartea, hain justu.
Bigarren zatia hasteko, berriz, hiru hilabete itxaron beharko da, Eusko Gudaritik Iturbiderako igogailuaren lanak direla eta, gune horretan konponketak egiten ari baitira.
Lanen faseak alderantziz egingo zirela adierazi zuen Udalak hasiera batean. Baina Txanka-hondartzako errepidea itxita dago eta honek alde zaharrean auto pilaketak eragin zitzakeela ikusita, ordena aldatzeko erabakia hartu zuten.
Oharrak gaineratzen duenez, Udalak barkamena eskatu nahi die herritarrei eta errepidearen erabiltzaileei lan hauek sor ditzaketen eragozpenengatik.