Orio bigarren izan da TKE ligako play-offean
Emaitza ofiziala ez den arren, baliozkoa izan liteke etorkizunean
Asteburuan Bizkaiko uretan jokatu dira TKE ligako play-offeko bi estropadak, Bermeon eta Portugaleten. Lehen estropada itsaso zabalean jokatu zen eta bigarrena Ibaizabalgo itsasadarrean.
Larunbatean estropada irabazi zuen Oriok, 5 segundora izan zuen Portugalete eta atzerago geratu ziren Zierbena, Camargo, Cabo da Cruz eta Chapela. Igandean, bigarren izan zen, Portugaleterengandik 6 segundora. Estropada estuagoa izan bazen ere, azken luzean nagusitu ziren oriotarrak.
Hori dela eta, denbora eta puntuazio ofizialei begiratuta, Portugalete eta Zierbenak irabazi dituzte 2012. denboraldian TKE ligan izateko aukera ematen duten txartelak.
Dena den, Estropu operazioaren epaia emandakoan gauzak bestelakoak izan daitezke. Urdaibai TKE ligatik kaleratzea erabakiz gero, Oriok beste behin TKE ligan jarraituko luke. Portugalete ere bertan izango zen play-offeko irabazle izateagatik, baina denbora estraofizialetan hirugarren izan den Zierbena KAE-1 ligan izango litzateke datorren urtean. Haren ordez Camargok ere TKE ligan izateko eskubidea luke, Urdaibairen kanporatzeak 2011. urteko ligako 10. postua emango liokeelako.
Gauzak horrela, epaitegietan erabakitzen denaren zain geratzen dira Orio, Zierbena, Camargo eta Urdaibai.
Txarangatxoa eta "la roja"