Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ostegunerako elkarretaratzea deitu du Udalbiltzak
Dokumentu Akzioak

Ostegunerako elkarretaratzea deitu du Udalbiltzak

Udalak ere bertaratzeko eskatu die herritarrei

Atzo, hilak 12, herritar ugari bildu zen Udalbiltzaren inguruko auzia dela eta beren babesa adieraztera herriko plazan eman zen prentsaurrekora. Bertan, Ruben Iglesiasek, Udalbiltzako langileak, agiria irakurri zuen denen aurrean.

Horretarako, Udalak onartu zuen mozioa irakurri zuen. KARKARAk, atzo, Udalak zein aldarri onartzen zituen aipatu zuen webgunean, baina, horretaz gain, Udalbiltzaren auzia beharrezko testuinguruan kokatu zuen Iglesiasek bere adierazpenetan.

Udalbiltza 1999an sortu zen erakundea da eta 2003ko udaberrian Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako polizia operazioa burutu zuen. Horren ondorioz, hainbat udaletako hautetsi eta Udalbiltzako beste hainbat langile atxilotu, bulego publikoak itxi eta beste hainbat ekintza gauzatu zituen poliziak. Udalbiltzari suspentsioa ere ezarri zioten prozesuaren hasieran.

Hauek izan ziren Udalbiltzaren sorrerako printzipio eta helburuak: 

1. Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzea.

2. Euskal Herriaren egituraketa politikoa eraikitzen laguntzea, lurraldetasuna lekuko izanik eta zazpi euskal lurraldeetako udal ordezkariak esparru erkidean batzeko asmoz.

3. Euskal Herriaren nazio eraikuntza bultzatzea, prozesu dinamiko eta demokratikotzat harturik eta euskal herritar guztien erabakimen eta parte hartze askean oinarriturik.

4. Herrialde guztietako udalerrien arteko harremanak eraikitzen laguntzea, hizkuntzaren, kulturaren, kirolaren, ingurumenaren, lurralde antolaketaren, ekonomiaren garapenaren eta ongizatearen alorrean eta beste esparru batzuetan, udal ordezkarien ekintza bateratuei bide emanez.

5. Nazioartean Euskal Herria nazio berezko eta desberdindua dela adieraztea, baita Euskal Herriak nazio gisa jardun nahi duela ere Europako etorkizuneko egituraketan eta erakundeetan.

Aste honetan bertan hasiko da epaiketa eta irailean jarraituko du. Prozesatuta dauden 22 pertsonentzat 10 eta 23 urte bitarteko kartzela zigorra eta Udalbiltzaren behin betiko ilegalizazioa eskatzen dute, bai herri akusazioak, baita fiskalak ere.

Elkarretaratzea eta manifestazio nazionala

Orioko Udalak berak, eta atzo prentsaurrekoan Udalbiltzaren aldekoek, ostegun honetan, uztailaren 15ean, iluntzeko 19:30ean, herriko plazan, elkarretaratzea deitu dute auzipetuei babesa emateko.

Honetaz gain, 17an, larunbatean, arratsaldeko 17:30ean, manifestazio nazionalerako deia ere egin zuten prentsaurrekoan. Ekitaldi hori Bilbon izango da, Etxetxua plazatik La Casilla–  abiatuko da. Bertara joan nahi duenarentzat, autobusa antolatu dute eta izen ematea Kolon Txiki tabernan egin beharko da.

Egin login erantzunak uzteko. Erabiltzailerik ez baduzu, sortu zurea

Ostegunerako elkarretaratzea deitu du Udalbiltzak

Herritar ugari izan zen atzoko agerraldian, baita politikari eta beste eragileak ere.