Prozesu demokratikoa aktibatzeko apustua berretsi du Orioko Ezker Abertzaleak
25 bat oriotarrek parte hartu dute Ezker Abertzalearen barne eztabaidan
Atzo, martxoaren 16an, asteartearekin, herri batzarra egin zen, kultur etxean, Orioko Ezker Abertzaleak deituta. Bertan, Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Orion burututako hausnarketa eta eztabaida prozesuaren berri eman eta erabakiak plazaratu zituzten.
Azaldu zutenez, Orion 25 bat lagun aritu dira eztabaida bileretan, adin eta iritzi ezberdinekoak, eta horrek asko zabaldu du Ezker Abertzalearen ikusmira, orain arte eginiko barne eztabaida garrantzitsuenetakoa izanik.
Ondoriok eta aurrerantzean eman beharreko pausoak azaltzeko hau esan zuten: Egun gure herriak bizi duen bi fase politikoren arteko blokeo egoera gainditzeko, prozesu demokratikoa aktibatzeko Ezker Abertzaleak eginiko proposamena berresten dugu Orion ere. Prozesu demokratikoa, eskubideak (zibil eta politikoak, indibidual eta kolektiboak) ukatzen dituen marko estatutario batetik, herritar guztien eskubideak bermatuko dituen marko demokratiko batetara pasatzeko ibilbidea da. Proiektu politiko guztiak egingarriak izango diren egoera batetara iristeko bidea hain zuzen ere.
Gehitu zuten, badakitela prozesua graduala izango dela, pixkanaka eraiki beharrekoa izango dela, eta Ezker Abertzaleak determinazio osoa duela fase politiko orokor honek behar duen bultzada emateko.
Horrez gain, Jon Anzaren erailketa salatzeko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak. Mobilizazio horiek ostegunean izango dira eta Donostian egingo diren manifestazioak izango dira ekitaldi nabarmenenak: goizekoa, 12:00etan hasiko da, Askatasunaren hiribidetik abiatuta, eta, arratsaldekoa, 20:00etan, Boulevard Zumardiatik. Orion, 19:00etan, elkarretaratzea egingo da plazan.