Santa Zezilia eguna ospatuko dute musika eskolakoek ostegunean
Kalejira eta kontzertua izango dira
Azaroaren 22an musikarien zaindari den Santa Zezilia Eguna izanik, Danbolin musika eskolako ikasleek, azaroaren 17an, ostegunean, ospakizuna egingo dute. 17:00etan Orioko kaleetan zehar kalejira izango da eta ondoren, 18:30ean, kultur etxean, kontzertua.
Kalejiran, musika eskolako txistulariek eta trikitilariek herria girotuko dute eta jendea batetik bestera eraman musika doinuz. Izan ere, herriko hainbat txokotan beste musikari batzuk entzuteko aukera izango da. Kultur etxe atzeko plazan hasiko dira emanaldiak eta han piano-joleak arituko dira; segidan, Baxoaldeko parkeraino joan eta han esku-soinujoleak egongo dira; Ikastolako pergola, biolin eta gitarra soinuek hartuko dute; eta azkenik, herriko plazan, bandaren musika piezekin amaituko da kalejira.
18:30eko kontzertuan berriz, txistua, esku-soinua, biolina, pianoa, klarinetea, flauta eta saxoa entzun ahal izango dira eta musika mintzairako ikasleek abestuz hartuko dute parte. Kontzertua amaitu ondoren, 2010-11 ikasturtean 1., 2. eta 3. maila bukatu zuten ikasleei diplomak banatuko dizkiete.